2016/10/10

Azaroak 4, Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa

Azaroaren 4an burutuko da Bilboko Ondare aretoan Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa.
Aurtengo jardunaldian, saiatuko gara eragiteko errezetak topatzen, hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik. Horretarako, eremu bi alderatuko ditugu: batetik, entzungo dugu zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun gune urbano nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dugu nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, bai eta praktika onak ezagutu ere. Lehen-lehenik, baina, ahaleginduko gara antzematen (eta partekatzen) zer den akuilu norberaren motibazioan…
Aurreko edizioetako informazioa eta bideoak blogean dituzu.
Zeuk ere lagundu ahal duzu jardunaldia hobetzen; aldez aurretik hizlariei galderak eginez edota honen berri sare sozialetan eta zure kontatuen artean zabalduz.
Izen ematea doakoa da, baina matrikulazio-orria bete beharra dago.
Izena emateko azken eguna urriaren 31

2016/09/15

PRAKTIKATU ETA BIZI, AEKren mintzapraktika programetan izena emateko kanpaina

   

Jendartea bizitzen ari den aldaketa garaian, beren lekua hartu dute mintzapraktika egiteko programek; aisialdiaren aro honetan, aukera bikaina ematen diote jendeari euskaraz hitz egiteko, jendea ezagutzeko eta, hainbat jardueraren bidez, ederki pasatzeko, bizitzeko, alegia. PRAKTIKATU ETA BIZI, horixe baita AEKren mintzapraktika egitasmoen muina.

Gaurtik aurrera, zabalik dago Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan izena emateko epea. PRAKTIKATU ETA BIZI AEKren praktika jardueren leloa da, eta kanpainan erabiliko diren euskarrietan jardueron argazki batzuk izango dira ikusgai: astean behin tabernan gustura mintzatzeko elkartzen den herritar taldea, bizikleta hartuta txangoa elkarrekin egiten duten lagunak, etab

Ekimen arrakastatsua dugu; izan ere, bermatuta dago hainbat helburu erdiesteko aukera: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz egiteko plaza eskaini euskaldun orori, zuzeneko bidea izan inguruko euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, abagune aparta eskaini gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko. Azken urteotan, horretan sakondu da, hala, taldeetan hamaika arlotako ikastaroak egiten dituzte (sukaldaritza, historia, osasuna...), baita aisialdiari begirako kontu ugari ere, esate baterako, txango kulturalak eta abentura-taldeak. Bestalde, familiartean eragiteko gurasolagun programari beste bultzada bat emateko asmoa ere azaldu dute arduradunek.


Mintzapraktika egitasmo berriak herriz herri aurkeztuko dira gaurtik aurrera. Ikasturte honetan, gainera, herri gehiagotan sortuko dira taldeak, euskararen erabilerak indarra hartzen jarrai dezan.

2016-17 ikasturtean mintzapraktika programaren batean parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Euskal Herrian osatuko diren 100dik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara, euskara-elkarteetara edota euskara-zerbitzuetara jo dezakete, edota  izena emateko fitxa bete.


2016/06/06

Gure Hizkuntza, Gure Elikadura, Gure Mundua

Ekainaren 19an, Urduñako merkatuan, Berbalagun taldeen topaketaren bigarren edizioa antolatu dugu VSF-Herrien Bidezko Elikadura elkarteak eta AEKren Praktika Zerbitzuak, Urduñako hainbat eragile sozial eta udaletxearen laguntzarekin. 
Urduñara hurbilduko diren guztiek, elikadura burujabetza helburu duten bertoko esperientziak ezagutu eta jai giroan euskaraz bizitzeko aukera izango dute; gosari agroekologikoa, Urduñatik eta merkatutik bisita gidatua, gertuko ekoizleen eskutik bertoko produktuak...eta ostean, bazkaria.
 
Izena emateko, bidali mezua praktikatu@aek.eus helbidera edo whatsappa telefono honetara: 618 574 466 
 
Izena emateko azken eguna ekainaren 10a