2008/12/05

Donostian, iriki atia!

Euskararen erabilera eta euskararen ikaskuntza bera sustatzeko iriki atia egitasmo berria abiatuko da Donostian datorren astean, donostiar euskaldunak euskara ikasleekin elkartu nahi dituena, besteak beste.
Horretarako, Donostiako AEK-k doan izango diren hainbat ikastaro, tailer eta saio monografiko antolatuko ditu 08/09 ikasturtean egiteko. Ikastaroek iraupen malgua izango dute, beraien ezaugarrien baitan: egun bakarrekoak, bi, hiru egunekoak edo aste osokoak. Ikastaro bakoitzean 15-20 lagunek hartuko dute parte. Batez beste, partehartzaileen bi heren euskara ikasleak izango dira, eta beste herena hiriko euskaldunak.

iriki atia egitasmoaren ikurra edo logoa Portaleta da. Portaleta, Donostiako harresiaren parte da, itsasorako pasabidea, hain zuzen. Aterik gabeko pasabidea da Portaleta. AEK-k ikurtzat hartu du, eta bere bitartez euskaltegiaren eta kalearen arteko aterik gabeko pasabidea irudikatzeko: euskara ikasleok eta donostiar euskaldunok harremanetan jarriko dituen topalekua.

Informazio gehiago: http://irikiatia.blogspot.com/
iriki atia Donostiako AEK-k kudeatu eta Udalaren Euskara Patronatuak babesten du.

2008/11/06

Facebook-en ere euskara praktikatu

Urriaren hasieran, ikasturte berriarekin batera, lagun batzuk elkartu ziren interneten bidez praktikatzeko gune bat sortu nahian. Dagoeneko Facebook-en praktikatu gurekin izeneko taldean 100 lagunetik gora sartuta daude eta sarean euskarazko harreman berriak garatzen dabiltza. Edozeinek har parte dezake, bertan kontua baino ez da egin behar.
Facebook-en kontua sortzeko klikatu hemen

2008/10/08

2008ko barnetegi ibiltaria


Joan den udan, ohi bezala abuztuaren lehenengo hamabostaldian, bazter guztietako hainbat euskara ikasle eta AEK-ko hiru irakasle bildu eta, bizikletaz, Euskal Herria batetik bestera zeharkatu dugu giro ederrean. AEK-k antolatzen duen barnetegi ibiltariaren 8. edizioa izan da aurtengoa, eta orotara 20 lagunek hartu dugu parte bertan.

Abuztuaren 2an, tropelean, Urduñatik abiatu ginen eta, Gorbeia aldea, Urbasa, Irati, Leitzaran, Aldude, Baztan, Aralar eta beste hainbat paraje ederrez gozatu ondoren, Zarautzera iritsi ginen 16an 1.000 kilometro inguru ibili ondoren. Eta hori dena, jakina, euskaraz, euskaltegian ikasitakoa lagun berriekin praktikan jartzen eta, zergatik ez, batzuek besteengatik gauza berriak ikasten, betiko eskolak ez baitira geure hizkuntzan aurrera egiteko bide bakarrak.

Esperientzia, urtero bezala, benetan ederra izan da, eta jakin badakigu hainbat ikaslek 9. ediziora sasoian iristeko entrenamenduekin hasiak direla. Baina, aurreko urteko errepikatzaileez gain, ikasle berriak beharko ditugu taldea osatzeko. Izango zaitugu zeu ere datorren urteko tropelean?
argazkiak: hemen