2009/06/22

Ndjomba, berbalagun senegaldarra


Senegaldik Lekeitiora heldu zen Ndjomba Ndong, euskara praktikatzeko berbalagun egitasmoan sartu eta azken 2 urteotan Markina-Xemeingo berbatalde batean dabil. Beste lagun batzuekin batera 2009ko mintzaegunean omendu dute.


Bideoan berarekin batera Lea Artibaiko berbalaguneko dinamitzailea Bego Llorentek egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.

Elkarrizketa
Berria TB-k grabatua.


2009/06/12

praktikatuko dinamizatzaileak

Argazkian dituzun lagun hauek AEKren praktika jardueretako dinamizatzaileak dira, 2008/09 ikasturtean 27 lagun ibili dira AEKn horrelako egitasmoetan.

Pasa den astean koordinazio bilgunea izan genuen eta bertan ikasturte honetako balantzeak, datorren ikasturteko plangintzak, zerbitzuaren erronkak eta egitasmo berriak izan genituen mintzagai.

Formazio plana ere aurkeztu genuen eta horrekin lotura zuzena duen dinamizatzaileon interneteko gunea. Bertan materiala eta lan egiteko tresnak eskuragai izateaz gain, eztabaidarako aukerak ematen dituen plataforma digitala dugu berau.

Datorren ikasturtean lagun gehiago izango gara, baina une honetan argazkian daudenak aurkeztuko dizkizugu, beraiek gabe horrelako programak aurrera eramatea ezinzekoa litzateke eta.

Ezkerretik eskuinera eta behetik gora: Estibaliz Irabien, Ana Castro, Aitzol Gaztañazatorre, Iker Sagastibeltza, Arantzazu Guarrotxena, Ziortza Aldekoa-Otalora, Juanmi Bravo, Xabi Garmendia, Miren Iturriagaetxebarria, Joana Victoria, Luix Intxauspe, Bego Lorente, Orats Arana, Iratxe Dañobeitia, Txomin L. Aramaio, Ione Ugarte, Saioa Bacigalupe eta Usoa Cuende.

Argazki honetan ez dira agertzen: Iratxe Murias, Igone Saiz, Ana Kristi Gutierrez, Aintzane torre, Aitor Agote, Pili Ibarra, Nerea Yabar eta Edorta Lopez.

2009/06/08

mintzapraktika egitasmoak sustatzeko lankidetza hitzarmena


Mintzapraktika egitasmoak zabaldu, sendotu eta garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta AEK-k. Azken urteetan erakunde biek izandako harreman eta elkarlana hitzarmenean gauzatu dute horrela bi erakundeek. Jasone Mendizabal zuzendariak, Topagunearen izenean, eta Mertxe Mugika koordinatzaileak, AEKren izenean, sinatu dute hitzarmena Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitzan.

Mintzapraktika egitasmoek azken urteotan izan duten hazkundea azpimarratu dute ordezkari biek eta elkarlanak hazkunde horretan izandako eragina handia izan dela gogoratu. Izan ere, gaur egun 2.600 lagunetik gora ari baitira ia 50 herri eta eskualdetan martxan dauden egitasmoetan parte hartzen. Euskararen erabileran eragiteko eta hiztunen hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko funtsezko egitasmoak bihurtu direla esan dute Mendizabal eta Mugikak.

Hitzarmenaren bidez erakunde biek hartzen dute herriz herri martxan jartzen diren egitasmoetan tokian tokiko euskara elkarte eta euskaltegien arteko harremana bideratu eta elkarlana bultzatzeko konpromisoa. Era berean, egitasmoetan lanean ari diren dinamizatzaileentzako prestakuntza saioak antolatu eta egitasmoak gizarteratzeko erakunde bien arteko harremana areagotzea da hitzarmenaren helburu.