2015/12/04

Mintzodromoa ospitalean

Gaur, abenduak 4, Gurutzetako Ospitaleko euskara zerbitzuak Praktikatu-AEKrekin lankidetzan mintzodromoa antolatu du. Hainbat lanbide eta espezialitatetako profesionalak elkartuko dira, helburu bakar batekin: euskaraz berba egitea. 

2015/10/23

Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi jardunaldiaren 2. edizioa


http://praktikatujardunaldia.blogspot.com.es/
Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, azaroaren 13an Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi jardunaldiaren 2. edizioa antolatuko dugu Bilboko Ondare aretoan.

Jardunaldia irekia eta doakoa bada ere, parte hartzeko izena eman behar da, epea azaroaren 10ean amaituko da. Egitaraua, hizlariak, informazioa eta izen ematea jardunaldiaren blogean topatuko dituzu.

EKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta, "Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi" jardunaldiaren 2. edizioa azaroaren 13an burutuko da Bilboko Ondare aretoan. Jardunaldia irekia eta doakoa bada ere, parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako epea azaroaren 10ean amaituko da.

Hona hemen egitaraua:

09:30 Harrera eta ongi etorria
10:00 Nor izan, nola egin, han eragin. Lorea Agirre Dorronsoro
10:30 Euskaldun baten hizkuntza-bidaia. Karmelo Ayesta Sagarduy
11:00 Transitoak. Lutxo Egia del Rio
11:30 Atsedena
12:00 Mahai-ingurua hizlariekin.
12:45 Agurra

Informazio gehiago jardunaldirako propio sortu duten blogean.
- See more at: http://www.aek.eus/index.php/eu/#sthash.2uKcal7e.dpuf

2015/10/21

Mintzapraktika sustatzeko hitzarmena


Elkarlanaren bidetik euskara kalera ateratzeko beste urrats garrantzitsua eman dugu; gaur, mintzapraktika egitasmoak indartzeko hitzarmena sinatu dugu Euskaltzaleen Topagunea eta maramara* taldearekin Euskaltzaindiaren egoitzan.
Aurreko ikasturtean 6.000 lagunek hartu zuten parte mintzapraktika egitasmoetan, aurrez aurre zein online antolatzen diren taldeetan. Parte hartzaile gehienak, euskararen bidelariak dira, euskara praktikatzeko beharra duten lagunak. Haiekin batera bidelagunak aritzen dira laguntzeko izena ematen duten euskaldunak. Azken hauen ekarpena ezinbestekoa dela nabarmendu dute hiru eragileek, eta euskararen alde ekarpena egin nahi duten euskaldunei deia luzatu zaie bidelagun moduan parte hartzeko.

> Mintzapraktika aurrez aurre. Ohiko saioetan parte hartzeko tokian tokiko euskara elkarte, euskaltegi eta euskara zerbitzuetara hurbildu edo fitxa hau bete.
> Mintzapraktika on-line egitea nahiago duenak izena eman dezake mintzanet programan.
Aukera biak borondatezkoak, doakoak eta osagarriak dira.

2015/09/25

Durangaldeko berbalagunen testigantzak


Mintzapraktika egitasmo berriok herriz herri aurkeztuko dira datozen egunotan. Asteon, Durangaldeko berbalagunek hasiera eman zioten ikasturte berriari, eta horretarako bideo txiki eta polit hau eskaini digute.

2015/09/19

AEK-k aurkeztu du mintzapraktika egitasmoetarako izen emate kanpaina


2015-16 ikasturtean ere, AEK-k abian jarri ditu mintzapraktika programak; hala, gaur, larunbata, egitasmoaren aurkezpena egin du, Lotsarik gabe, praktikatu gurekin lelopean. Kalean -Portugaleteko terraza batean, hain zuzen-, AEKren mintzapraktika egitasmoen koordinatzaileak eta programetako kideak bildu dira, egitasmo horien nondik norakoak azaltzeko.

Azken urteotan bezala, egitasmoetako partaideek jarri diote aurpegia kanpainari. Lagun hauek erakutsi digute euskaraz mintzatzeko lotsa galdu behar dela, haiek egin duten bezala, hizkuntza gaitasuna areagotzeko eta euskal hiztunon komunitate hurbila handitzeko.

Aurreko ikasturtean, elkar ezagutzeko ekintzek (mintzodromo, ikastaro, irteera, bazkari zein afari, ikuskizun, kultur irteera eta abarrek) oso harrera ona izan zuten mintzapraktika programetan parte hartu zuten 6.000 lagunen artean. Beraz, egitasmoen antolatzaileen helburua da horiek sustatzen jarraitzea aurrerantzean.

Bestalde, asmoa azaldu dute GURASOlagun programari ere beste bultzada bat emateko, familietan eragitekotan. Gainera, aurten, berrikuntza moduan, GAZTElagun abiatuko da hainbat herritan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Mintzapraktika egitasmo berriok herriz herri aurkeztuko dira urrian. Ikasturte honetan, toki gehiagotan sortuko dira taldeak; horrela, euskararen erabilerak segituko du indarra hartzen.

2015-16 ikasturtean parte hartu nahi baduzu Euskal Herrian osatuko diren mintzapraktika programetako baten batean (BERBAlagun, MINTZAlagun, MINTZAkide, GURASOlagun... 100etik gora), jada eman dezakezu izena. Horretarako, euskaltegi, euskara elkarte edota euskara zerbitzuetara jo dezakezu, edota izena emateko fitxa bete.

Mintzapraktika programak berriro martxan.



2015/05/14

Udan ere praktikatu gurekin

Ikasturtea amaitzearekin batera, mintzapraktika talde batzuk desagertu egiten dira; beste batzuk, aldiz, partaide berriak hartu eta birsortu egiten ditugu. Zure taldea horietakoa bada, edo orain arte gure programetan parte hartzerik izan ez baduzu, udan ere gurekin praktikatzeko aukera zabaldu nahi dizugu. Eman izena zure herriko euskaltegian, euskara zerbitzuan edo bete fitxa hau Azken eguna, ekainaren 19a.

Bide batez, gogoratu AEK-k badituela praktikatzeko bestelako eskaintzak; barnetegi arruntak, familiarekin joatekoak edota udako ibiltariak. Horien berri AEKren webgunean daukazu.

2015/05/11

Mintza Eguna 2015


Badator Mintza Eguna! Aurtengoa Beran izango da maiatzaren 30ean eta bertako solaslagunek egitarau paregabea prestatu dute hamargarrena izango den Mintza Eguna ospatzeko: Goizeko 11:00etatik aurrera eta arratsaldera arte, jai giro euskaldun ederra egongo da Nafarroako herri polit honetan: ibilaldiak, kalejira, bazkaria, dantzaldia...
Aukera galduko duzue?
Informazio gehiago nahi baduzue edota bazkarirako txartelak eskuratzeko, klikatu hemen

2015/04/14

Bidelariak eta bidelagunak AIZU aldizkarian

Gaur egun, 150 herrik baino gehiagok bultzatzen dute mintzapraktika programaren bat. Astero-astero biltzen diren mintza edo berbataldeetan, sei mila lagun inguru mugitzen dira. Asko aldatu da egoera duela zortzi urtetik hona, garai hartan 15 mintzapraktika programa baino ez baitzegoen Euskal Herri osoan. AEK-k 2005-06 ikasturtean erabaki zuen Praktika Zerbitzua abian jartzea. Harrezkero, mintzapraktika sustatzeko egitasmo berri ugari jarri ditu martxan: Egingo al dugu? Gasteizen, Iriki Atia Donostian, Zilegi eskolak, Gurasolagun, Hiketalagun... Denak dira mintzapraktika programak, baina ezagunenak, dudarik gabe, mintzalagun, berbalagun eta mintzakideak dira. Jarraitu irakurtzen

2015/01/15

Jardunaldiaren informazio guztia blogean eskuragai


Azaroaren 28an burutu genuen “Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi” jardunaldia. Jardunaldiaren blogean informazio guztia eskegi dugu; aurkezpenen bideoak, talde-lanaren emaitzen laburpenak, argazkiak...

Jardunaldiaren laburpen moduan bideo hau ere prestatu dugu.

Eskerrik asko, berriz ere, parte hartu zenuten lagun guztioi.

2015/01/08

Berbalagun Mallabian

2015ean aktibatuko dira Mallabiko berbalagun taldeak. Mallabiko Udala, Kaltxango AEK euskaltegia eta Orraitio euskara taldea dira programaren sustatzaile nagusiak. Abenduan, aurkezpen-bilera egin zen egitasmoaren xehetasunak emateko eta urtarrilean zehar, izena emateko aukera egongo da.

Mallabiko programarekin hiru dira ikasturte honetan abian jarri diren berbalagun egitasmo berriak, izan ere, urrian, Gatika eta Arrietako egitasmoak ere martxan jarri ziren.