2009/04/30

atsotitzak lehian

Iaz hildako Gotzon Garate zena gogoan izango du aurten Sopelako XVI. Esaera Zaharren Txapelketak. Izan ere, besteak beste Garatek atsotitzak biltzen egindako lan eskerga arrunt lagungarria izango zaie antolatzaileei, zalantzarik gabe.

Sopelako Nikola AEK euskaltegiak antolatzen duen txapelketak Jakinek ez deko kalterik leloa du oinarri aurten, eta esaerari jarraikiz, parte-hartzaileen jakintza proban jarriko dute egun osoan zehar burutuko den txapelketan. Maiatzaren 16an egingo da, eta ohi bezala, taldeka jokatuko da, bi bertsolariren laguntzarekin. Aurtengoan, Jone Uria eta Aitor Mendiluze bertsolariak gonbidatu dituzte.


Izena emateko epea maiatzaren 11n amaituko da, eta informazio gehiago nahi duenak, Nikola AEK euskaltegira jo dezake: 94.421.23.29 e-posta aitor-f@aek.org. Azkar ibili, sari mundialak banatuko dituzte-eta!

2009/04/20

Hitzaditza, diktaketa euskaraz

Aurten ere Euskal Kultur Erakundeak eta AEK-k Hitzaditza, euskarazko diktaketaren laugarren edizioa antolatu dute Baionan.

2008an, 80 bat pertsonek ariketan parte hartu zuten. Beti bezala bi taldetan banatuko dira: euskara ikasleak eta euskaldunak. Aurten ere 13-16 urte arteko gaztetxoen maila proposatua izanen da.

Ariketa euskarazko momentu goxo bat iragaiteko aitzakia da: Bertan, Iparraldeko idazleekin mintzatu eta euskarazko liburuen eskaintza ezagutzeaz gain, sariak irabazteko aukera dago, euskal kultura eta aisialdiarekin lotura zuzena dutenak.

Izen-emateko epea: maiatzaren 7
Informazio gehiago hemen

2009/04/06

familia barnetegia

Urtero bezala AEK-k prest ditu aurtengo udan irekita egongo diren barnetegiak, horien artean aurten ere familiek parada ederra izango dute oporrak elkarrekin eta euskaraz pasatzeko. Oso ohikoa da euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren gurasoek umeak D ereduko eskoletara bidaltzea, txikitatik ikas dezaten euskara. Baina kasu batzuetan, ohituren poderioz, nahikoa zaila izaten da etxeko eguneroko harremanak euskaraz izatea.

Hori da, hain zuzen ere, familientzako barnetegien helburua: gurasoek eta seme-alabek beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea. Xede hori lortzeko aita-amek irakasleekin eta seme-alabek begiraleekin igarotzen dituzte eguneko zenbait ordu, baina behin horiek amaituta, barnetegi giroan eta euskaraz jarraitzen dute egun osoan zehar. Era honetako barnetegiak antolatuko ditu AEK-k aurtengo udan, Adunan (Gipuzkoa) Foruan (Bizkaia) eta Zugarramurdin (Nafarroa), uztailaren 6tik 19ra eta abuztuaren 3tik 16ra.

Ikastaro hauei guztiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, galdetu zure euskaltegian edo deitu 902 362 294 telefonora. Ongi etorri barnetegira, ongi etorri euskarara!