2009/12/31
2009/12/18
AEK eta UPV-EHUren arteko hitzarmena
AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskuratu ahal izango dituzte.
- Unibertsitateko ikasleen zeregina: mintzapraktika egitasmoan dauden euskaldun berriekin astean ordu batez elkartzea eta euskara ikasleak ikas-prozesua amaitzen laguntzea. Egitasmo hauek mintzataldeetan antolatzen da, unibertsitateko ikasleak bertan integratuko lirateke eta laguntzaile papera beteko lukete. Orotara 45 ordu, hau da, 3 kreditu
- Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duten ikasleei euren espediente akademikoko aukera askeko kredituak lortzeko aukera emango lizkieke..
- AEKren Praktika Zerbitzua berriz, ikasle horien jarraipena eta ebaluazio txostena egiteaz arduratuko litzateke.
Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.
2009/12/10
2009/11/30
euskara ikastea eta mendia
Euskara ikastea eta mendia igotzea antzekoak dira.
Antzekoak direlako beharbada sortzen dira mintzapraktika egitasmoetan horrenbeste txango eta mendi-talde. Bilbo, Iruñea, Getxo, Baiona… eta orain ere Ezkerraldean mendilaguna sortu dute. Animatuko zara zeu ere euskararen gailurrera igotzen?
2009/11/18
irakurle kanpaina, 2009ko negua
Irakurle kanpainaren helburua, AEKideei liburuak eta diskak eskuratzeko baldintza hobeak eskaintzeaz gain, euskara ikasleen artean euskal literatura eta musikaren kontsumoa sustatzea da.
2009/11/16
BERRIA % 50 merkeago mintzapraktikako partaideentzat
Mintzapraktika egitasmoetako partaidea bazara (mintzalaguna, berbalaguna, mintzakidea…) AEK-k BERRIArekin duen akordioari esker, asteburuetan zure kioskoan %50 merkeago jaso dezakezu egunkaria.
Horretarako zure datuak hemen bete eta kioskoaren izena eta helbidea idatzi. Datuok konprobatzeko jarri zein egitasmotan parte hartzen duzun.
2009/11/11
azaroaren 16an hasiko da mintzapraktika egitasmoen inguruko inkesta
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, AEK-rekin eta Topagunearekin batera, mintzapraktika egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko inkesta jarri du abian. Ikerketaren helburua esperientzia hau zabaldu eta hobetzeko informazio baliagarria eskuratzea da.
Azaroaren 16tik aurrera, mintzapraktika programatan ari diren lagun guztiei inkesta egingo zaie, gure eskaintza hobetzeko eta zabaltzeko, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu partaideen iritziak eta balorazioa ezagutzea. Galdesorta betetzen duten guztiek zozketa batean parte hartuko dute, zozketan irabazle suertatuz gero, talde osoa eta egitasmoko dinamizatzailea ere izango dira sarituak. Aukeran izango dute afaria edo aste bukaerako egonaldia. Zorte on!
2009/11/06
Bilboko berbalagunak praktikatzen hasi dira
Atzo, azaroaren 5ean, Bilboko berbalagun egitasmoaren hasiera ekitaldia izan zen. Horretarako, egitasmoaren berri eman eta, jai bati dagokion bezala, “txupina” botatzeko, bi saio antolatu ziren, goizean bata eta arratsaldean bestea: Goizeko saioa batez ere informatiboa izan zen, berbalagun proiektua zer den eta nola parte hartu azaltzeko. Arratsaldekoa gehiago izan zen jaia, hasiera jaia hain zuzen ere, Alde Zaharrean dagoen Kalderapeko kulturgunean ospatu zen.
2009/10 ikasturtean AEK-k mintzapraktika egitasmo asko martxan jarri ditu beste herri askotan, besteak beste; Sestao, Zarautz, Altsasu, Lekeitio, Santurtzi, Durango, Bilbo, Gernika, Artziniega, Orio, Sopuerta, Galdakao, Etxarri, Astigarraga, Hernani,Donostia, Ortuella, Urduña, Bermeo, Abadiño, Abanto-Zierbena, Muskiz, Balmaseda, Getaria, Zalla, Andoain, Gordexola, Aiara, Amurrio, Laudio Orozko, Berriz, Ermua, Markina-Xemein, Ondarroa, Urduña, Zumaia… eta Seguran ere azaroan martxan hasi da.
Informazioa AEKren euskaltegietan aurkituko duzu edo e-posta honetan
2009/10/27
AEK-k praktika egitasmoak sustatzeko material didaktikoa sortu du
Ikasleei web gune hau ezagutzera emateko asmoz, 1B, 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzenduta dauden atazak sortu ditu AEK-k, blogari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, bertan iragartzen diren ekimenetan parte hartzera bultzatzeko. Aipatu atazek euskara eskoletarako tresna diren heinean, ikas-prozesuari erreparatuta, maila bakoitzerako ikasleei dagokien eduki bat edo batzuen lanketa bideratzeko proposamena eskaintzen dute.
Atazak deskargatzeko ondoko loturetan klikatu
2009/10/14
eskuko behatzak ere ez dira igualak
Mintzapraktika programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea bada. Berdin dio zein den bere jatorria, adina, lanbidea edo zeintzuk bere zaletasunak, azken batean, eskuko behatzak ere ez direlako igualak. Egitasmoen inguruko informazioa: http://praktikatu.blogspot.com/
Parte hartzeko datu hauek baino ez dira bete behar. Zure herria edo auzoa ez baduzu bertan topatzen jarri harremanetan gurekin eta dituzun aukerak azalduko dizkizugu.
2009/09/07
2009/06/22
Ndjomba, berbalagun senegaldarra
Senegaldik Lekeitiora heldu zen Ndjomba Ndong, euskara praktikatzeko berbalagun egitasmoan sartu eta azken 2 urteotan Markina-Xemeingo berbatalde batean dabil. Beste lagun batzuekin batera 2009ko mintzaegunean omendu dute.
Bideoan berarekin batera Lea Artibaiko berbalaguneko dinamitzailea Bego Llorentek egitasmoaren nondik norakoak azaltzen dizkigu.
Elkarrizketa Berria TB-k grabatua.
2009/06/12
praktikatuko dinamizatzaileak
Pasa den astean koordinazio bilgunea izan genuen eta bertan ikasturte honetako balantzeak, datorren ikasturteko plangintzak, zerbitzuaren erronkak eta egitasmo berriak izan genituen mintzagai.
Formazio plana ere aurkeztu genuen eta horrekin lotura zuzena duen dinamizatzaileon interneteko gunea. Bertan materiala eta lan egiteko tresnak eskuragai izateaz gain, eztabaidarako aukerak ematen dituen plataforma digitala dugu berau.
Datorren ikasturtean lagun gehiago izango gara, baina une honetan argazkian daudenak aurkeztuko dizkizugu, beraiek gabe horrelako programak aurrera eramatea ezinzekoa litzateke eta.
Ezkerretik eskuinera eta behetik gora: Estibaliz Irabien, Ana Castro, Aitzol Gaztañazatorre, Iker Sagastibeltza, Arantzazu Guarrotxena, Ziortza Aldekoa-Otalora, Juanmi Bravo, Xabi Garmendia, Miren Iturriagaetxebarria, Joana Victoria, Luix Intxauspe, Bego Lorente, Orats Arana, Iratxe Dañobeitia, Txomin L. Aramaio, Ione Ugarte, Saioa Bacigalupe eta Usoa Cuende.
Argazki honetan ez dira agertzen: Iratxe Murias, Igone Saiz, Ana Kristi Gutierrez, Aintzane torre, Aitor Agote, Pili Ibarra, Nerea Yabar eta Edorta Lopez.
2009/06/08
mintzapraktika egitasmoak sustatzeko lankidetza hitzarmena
Mintzapraktika egitasmoek azken urteotan izan duten hazkundea azpimarratu dute ordezkari biek eta elkarlanak hazkunde horretan izandako eragina handia izan dela gogoratu. Izan ere, gaur egun 2.600 lagunetik gora ari baitira ia 50 herri eta eskualdetan martxan dauden egitasmoetan parte hartzen. Euskararen erabileran eragiteko eta hiztunen hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko funtsezko egitasmoak bihurtu direla esan dute Mendizabal eta Mugikak.
Hitzarmenaren bidez erakunde biek hartzen dute herriz herri martxan jartzen diren egitasmoetan tokian tokiko euskara elkarte eta euskaltegien arteko harremana bideratu eta elkarlana bultzatzeko konpromisoa. Era berean, egitasmoetan lanean ari diren dinamizatzaileentzako prestakuntza saioak antolatu eta egitasmoak gizarteratzeko erakunde bien arteko harremana areagotzea da hitzarmenaren helburu.
2009/05/27
irakurle kanpaina 2009
Irakurle kanpaina AEKn ikasturtean bitan (neguan eta udan), egiten dugun eskaintza da. Irakurle Kanpainaren bidez euskal liburu eta diskak merkeago eskuratzeko aukera eskaintzen die AEK-k bere ikasle, irakasle eta AEKide guztiei.
Irakurle kanpainaren helburua, AEKideei liburuak eta diskak eskuratzeko baldintza hobeak eskaintzeaz gain, euskara ikasleen artean euskal literatura eta musikaren kontsumoa sustatzea da.
Hemen daukazu 2009ko udako katalogoa
2009/05/20
UEUko ikastaroak, praktikatu eta jantzi!
Aurten Udako Euskal Unibertsitateak 38 ikastaro ezberdin eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzetan.
Aurten gainera euskararen praktikantea bazara, hau da berbalagun edo mintzalagun egitasmoetako partaidea bazara, matrikulan %50eko deskontua izango duzu.
Deskontua izateko zer egin behar da? Oso erraza, matrikula egin aurretik bidali guri mezu bat esanez nongo egitasmoan zabiltzan eta guk baieztatu ostean matrikula egin. Mezua helbide honetara bidali: praktikatu@aek.org zure izen-abizenak eta parte hartzen duzun herriaren izena aipatuz.
Ikastaroen inguruko informazioa hemen
2009/05/12
mintza eguna 2009
Asko dira herriz-herri, Euskal Herri osoan zehar astero biltzen garen lagunak, euskaraz hitz egin eta harreman sare berriak sortzeko asmoz. Urte osoan zehar euren herri edo eskualdeko lagunekin duten harremanetik harantzago, urtean behin bilkura handi bat egitea ere antolatzen dute, komunitate handi baten partaide direla erakutsi, beste herrietako lagunekin harreman berriak egin eta mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen ez dutenak animatzeko.
Ekainaren 6an, Gasteizera hurbilduko diren lagunek elkar ezagutzeko parada izango dute.
2009/04/30
atsotitzak lehian
Iaz hildako Gotzon Garate zena gogoan izango du aurten Sopelako XVI. Esaera Zaharren Txapelketak. Izan ere, besteak beste Garatek atsotitzak biltzen egindako lan eskerga arrunt lagungarria izango zaie antolatzaileei, zalantzarik gabe.
Sopelako Nikola AEK euskaltegiak antolatzen duen txapelketak Jakinek ez deko kalterik leloa du oinarri aurten, eta esaerari jarraikiz, parte-hartzaileen jakintza proban jarriko dute egun osoan zehar burutuko den txapelketan. Maiatzaren 16an egingo da, eta ohi bezala, taldeka jokatuko da, bi bertsolariren laguntzarekin. Aurtengoan, Jone Uria eta Aitor Mendiluze bertsolariak gonbidatu dituzte.
Izena emateko epea maiatzaren 11n amaituko da, eta informazio gehiago nahi duenak, Nikola AEK euskaltegira jo dezake: 94.421.23.29 e-posta aitor-f@aek.org. Azkar ibili, sari mundialak banatuko dituzte-eta!
2009/04/20
Hitzaditza, diktaketa euskaraz
Aurten ere Euskal Kultur Erakundeak eta AEK-k Hitzaditza, euskarazko diktaketaren laugarren edizioa antolatu dute Baionan.
2008an, 80 bat pertsonek ariketan parte hartu zuten. Beti bezala bi taldetan banatuko dira: euskara ikasleak eta euskaldunak. Aurten ere 13-16 urte arteko gaztetxoen maila proposatua izanen da.
Ariketa euskarazko momentu goxo bat iragaiteko aitzakia da: Bertan, Iparraldeko idazleekin mintzatu eta euskarazko liburuen eskaintza ezagutzeaz gain, sariak irabazteko aukera dago, euskal kultura eta aisialdiarekin lotura zuzena dutenak.
Izen-emateko epea: maiatzaren 7
Informazio gehiago hemen
2009/04/06
familia barnetegia
Urtero bezala AEK-k prest ditu aurtengo udan irekita egongo diren barnetegiak, horien artean aurten ere familiek parada ederra izango dute oporrak elkarrekin eta euskaraz pasatzeko. Oso ohikoa da euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren gurasoek umeak D ereduko eskoletara bidaltzea, txikitatik ikas dezaten euskara. Baina kasu batzuetan, ohituren poderioz, nahikoa zaila izaten da etxeko eguneroko harremanak euskaraz izatea.
Hori da, hain zuzen ere, familientzako barnetegien helburua: gurasoek eta seme-alabek beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea. Xede hori lortzeko aita-amek irakasleekin eta seme-alabek begiraleekin igarotzen dituzte eguneko zenbait ordu, baina behin horiek amaituta, barnetegi giroan eta euskaraz jarraitzen dute egun osoan zehar. Era honetako barnetegiak antolatuko ditu AEK-k aurtengo udan, Adunan (Gipuzkoa) Foruan (Bizkaia) eta Zugarramurdin (Nafarroa), uztailaren 6tik 19ra eta abuztuaren 3tik 16ra.
Ikastaro hauei guztiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, galdetu zure euskaltegian edo deitu 902 362 294 telefonora. Ongi etorri barnetegira, ongi etorri euskarara!
2009/04/02
2009/03/06
AEKn lan egin nahi duzu?
Une honetan irakasle beharra dugu. Gurekin aritzeko prest bazaude, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.
Zer eskatzen dugu?
- Euskaltzaletasuna.
- Lanerako gogoa.
- Erdi mailako titulazioa.
- EGA edo baliokidea.
- Arloaren araberako oinarrizko formazioa edota formazio hori jasotzeko gogoa eta disponibilitatea.
Zer eskaintzen dugu?
- Norberaren disponibilitatearen araberako lan ordutegiak.
- Lanaren arabera, jardun osoz edo partzialez aritzeko aukera. Egun osoko jardunaren kasuan, 20.000 €-tik gorako urteko soldata gordina.
- Lan giro atsegina.
- Euskal Herri osoan ari den erakunde baten partaide izatea.
- Beharren araberako punta-puntako barne formazio ekimenetan parte hartzeko aukera.
2009/02/18
liburuak ere mendizale
Azken batean, bookcrossing-a, azken urteetan mundu osoan indar hartzen ari den ekimena, mendira eramateko saioa da; liburuen trukea bultzatzeko saioa. Beraz, badakizu, mendiko tontor batean liburu bat topatzen baduzu, irakurri, gozatu eta konpartitu beste mendizale euskaldun batekin.argazkia: taldekideak Pirineoko Baregesen
2009/02/04
bidaia intimoak, ongi etorri korrika!
Korrika honetako omenaldia ez da ohi bezala kultur ikuskizuna izango, Korrika 16ren omenduak protagonistatzat dituen dokumental baten estreinaldia baizik.
Protagonistak euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau pertsona dira, Korrika 16ren omenaldi beroa merezi duten milaka eta milaka lagunen ordezkari gisa hartutakoak. Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa. Lau pertsona ezezagun, aktore izan barik eta zinemaren munduarekin inolako loturarik eduki gabe, prest agertu dira Korrika 16ri ekarpen eder hau egiteko.
Hamaika dira euren modura euskarara hurbildu direnak eta euskaldun asko eta asko lau pertsona hauen bizitzetan identifikatuta sentituko dira, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski. Jon Maiak zuzendutako eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak Korrika 16rentzat egindako dokumentala, otsailaren 7, 19:00etan estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian.