2011/09/23

Euskara atsegin dut!

AEK-k, euskaltegietako matrikulazio kanpainarekin batera, mintzapraktika programetarako kanpaina berria jarri du abian Atsegin dut! lemapean. Horrenbestez, 11-12 ikasturtean mintzapraktika programa batean parte hartu nahi duten guztiek eman dezakete izena jada Euskal Herrian diren 90tik gorako egitasmoren batean. Mintzapraktika programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Kanpaina honetan azpimarratu nahi dena zera da; euskara harreman sareak sortzeko tresna ere badela. "Atsegin dut!" esamoldea interneteko sare sozialekin lotzen dugu nahitaez. Baina sare sozial birtual hauetaz gain, euskara praktikatzea aurrez aurreko harreman sareak sortzeko era egoki bat izan daiteke. Benetako sare sozialak, alegia. Atsegin duzu?


Azken aldian denon ahotan dabiltza interneteko sare sozialak. Harreman sare birtual horien balioa eta beharra ez dugu guk zalantzan jarriko, guk ere erabiltzen ditugu, baina egitako sare sozialak, aurrez aurreko harreman sareak, atsegin badituzu eta gainera euskara praktikatuz eraiki nahi badituzu, ez duzu inon ezer klikatu behar; eman izena Euskal Herrian diren 90tik gorako egitasmoren batean.

Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Euskal Herriko lurralde guztietako hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak. Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta berria merkeago, eta beste hainbat abantaila.

2011/09/20

UPV-EHUko kredituak eskatzeko.

Jakingo duzuenez azken urteotan dugun hitzarmenari esker AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskura ditzakete.

2010-11 ikasturtean horrelako egitasmoren baten parte hartu duten ikasleek euren herriko dinamizatzaileari ziurtagiria eskatu ahal diote. Era berean, gogoratu aurten ere izena eman dezakezula gure programetan.

Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.

2011/09/16

Südtirol-etik dator notizia


Bozen (Bolzano) Italiako herrialde autonomoan alemaniaren erabilera sustatzeko Voluntariat per les llengües programa abian jarri dute. Italiar hiztunen artean alemanera sustatzea da egitasmoaren xedea; izan ere, alemanera hizkuntz ofiziala da herrialde osoan, eta horretarako Katalunian aski ezaguna den  Voluntariat per la Llengua egitasmoa erreferentzi moduan hartu dute.

Programan alemaneraz egiten duen jendea ikasi nahi duen italiar hiztunekin elkartzen da, gure mintzapraktika egitasmoetan bezala! Honezkero 600 lagun daude izena emanda; gehienak Bozen hiriburukoak dira baina beste hiri eta herrietara ere zabaltzen ari da: Meran, Brixen, Bruneck...

Euskal Herrian mintzapraktika egitasmoetan gabiltzanok zorterik handiena opa nahi diegu. Viel Glueck!