2010/03/29

AEK etorkizunari begira bere XIII. mintegian

AEK-k jai giroan ospatu du XIII. Mintegi hau, pasa den abenduan bete baitziren 30 urte Arantzazun bere lehenengo mintegia egin zuenetik. Ordutik hona, beste hamabi mintegi prestatu ditu, koordinakunde izatetik Euskal Herri osoan aritzen den erakunde izatera pasatu da, milaka eta milaka lagun euskaldundu ditu eta hamasei Korrika antolatu. Hori irudikatu dute amaiera ekitaldian taula gainera igotako bost irakaslek, aurrena “AEK, hiru hamarkada garena ikasten” esaldia osatzen zuten bost koadro erakutsiz, eta ondoren, haiei buelta emanda, “Etorkizunean ere Euskal Herria euskalduntzen” esaldia osatuz. Izan ere, AEK-k iragana du, baina baita etorkizuna ere.

Iragan eta etorkizun horren isla izan da amaiera ekitaldiaren hasieran entzun den AEKren historiari buruzko kontakizuna, argazki zahar eta berriz hornitua. Eta ildo horretatik jarraitu dute ondoren parte hartu duten hizlariek ere. Kortatu taldearen AEK-ko beteranoak kantak eman dio amaiera XIII. mintegi honi.

Mintegiko argazkiak

2010/03/22

Gernikako GUGAZte! egitasmoak badu logotipoa

Martxoaren 20an, larunbatean, AEK-k GUGAZte! egitasmoa aurkeztu zuen Gernikako Elai-Alai aretoan. Proiektu honen helburua 12 eta 24 urte bitarteko gazteak euskara modu naturalean erabiltzera bultzatzea da. Aldi berean, gazte etorkinek ere euskara erabiltzeko tresna izan nahi du, hauek ez dezaten euskara inposaturiko hizkuntza moduan hartu.

Egitasmo hau 2008an jarri zen martxan, Gernika-Lumoko Udalak eta Ahize-AEKk sinatutako akordioaren ondorioz. Helburu nagusia gazteak euskarara hurbiltzea izanik, gazte horiei zuzendutako jarduerak antolatzen hasi dira, euren artean egindako 500 inkestaren emaitzak aztertu ondoren.

Esate baterako, abian jarritako lehen jarduera egitasmoaren logotipo ofiziala izango dena aukeratzeko lehiaketa izan da, eta bi kategoriatan banatu da. 18 urtetik beherakoen artean, irabazlea Estephanie Romero izan da, Bolivian jaiotako 15 urteko gernikarra. Eta 18 urtetik gorakoen artean, 21 urteko Amaia Badiolak irabazi du lehiaketa. Biek jaso dute sari legez ordenagailu eramangarri bana. Ekitaldia, larunbatean egin genuen eta 80 lagun hurbildu ziren, besteak beste, sariketaz gain, RAPa, breakdancea, musika eta dantza saio paregabeaz gozatzeko.

2010/03/17

esaera zaharren 17. txapelketa

Esaera Zaharren Txapelketa arrakastatsuaren edizio hau apirilaren 17an izango da, igandearekin, eta ohi bezala, Sopelan. Esaera Zaharren Txapelketa urtero-urtero egiten den egun osoko ospakizuna da, atsotitzak, bertsoak eta jaia ezin hobeto uztartzen dituena.

Txapelketak bi saio ditu: eguerdian kanporaketak herrian zehar eta arratsaldean finalak Ander Deuna ikastolan. Taldeka egiten da (2-4 kide, 16 urtetik gorakoak) eta bertsolariek botatzen dituzten bertsoak aurretik banatzen den zerrendako 100 esaeretatik zeini dagokion asmatzean datza.

Izena emateko epea apirilaren 12an bukatuko da. Inskripzioa 12 eurokoa da eta bazkarirako txartela 18 eurokoa pertsonako. Izena emateko edo informazio gehiago

2010/03/05

Kaixo maitia, praktikatu nahi?

kaixomaitia.com kontaktu edo harremanak euskaraz bideratzeko web ordaindutako zerbitzua da. Bertan euskarazko harremanak izateko eta gainerako lagunekin mezuak trukatzeko aukera dago.

Facebook-eko praktikatu AEKren lagunek hiru hilabeteko harpidetza osoa doan izango dute apirilaren 30era arte Facebook-en Kaixo Maitia taldearen zale eginez gero. Beraz, badakizu, facebooken sartu, egin praktikatu AEKren laguna eta topatu kaixo maitian zure laranja erdia.

Kaixomaitia.com zer den ikusteko hemen duzu bideo bat.

2010/03/01

mintzapraktika egiten baduzu AIZU! aldizkaria merkeago

AIZU! oinarrizko euskaraz idatzitako aldizkaria da, euskara ikasten ari den edota euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen ororen lagungarri. AEK-k argitaratu eta harpidetza bidez jaso daiteke norberaren etxean, irakurle ororentzako moduko aldizkaria baita.

AIZU! aldizkariak urtean hamar ale kaleratzen ditu (hileko bat, abuztuan eta urrian izan ezik), eta batez ere gizarte eta kultura gaiak lantzen ditu, erreportaje, elkarrizketa eta albiste laburren bidez. Komikiak, denbora-pasak eta euskal gramatikaren inguruan sortzen diren zalantzak argitzeko txokoa ere biltzen ditu bere orrietan. Testu guztiak daude euskara errazean idatzita eta hiztegi sarreratxoen laguntza dute, hitz eta egitura zailenak ulertu ahal izateko.

Mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen baduzu urteko harpidetza merkeago egingo dizugu. Bete datu hauek eta zurekin jarriko gara harremanetan.