2010/12/16

geu ere euskalakariak gara!

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari? AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, euskalakaria¹ da:
 

¹: 1. iz. / izond. Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. 2. iz. / izond. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.

2010/12/09

Aiaraldeko berbalagunen spot-a


Euskal Herriko beste txoko askotan bezala, Aiaraldean ere euskarazko mintzapraktikak egiten ibiltzen dira Aiaraldeko berbalagun taldeak. Aiaraldea.com-ek haiekin elkarlanean spot hau prestatu du.

2010/11/26

praktikatu eta berbalagunak 11 telebistan


Asteon, Hamaika Telebistako Hona hemen saioan AEKren praktika egitasmoen berri eman dute, bideo honetan Barakaldoko berbalagunen testigantzak ikus ditzakezu.

2010/11/25

irakurle kanpaina, 2010eko negua

Irakurle kanpaina AEKn ikasturtean bitan, egiten dugun eskaintza da. Irakurle kanpainaren bidez euskal liburu eta diskak merkeago eskuratzeko aukera eskaintzen die AEK-k bere ikasle, irakasle eta AEKide guztiei.

Irakurle kanpainaren helburua, AEKideei liburuak eta diskak eskuratzeko baldintza hobeak eskaintzeaz gain, euskara ikasleen artean euskal literatura eta musikaren kontsumoa sustatzea da.

Hemen daukazu 2010eko neguko katalogoa

2010/11/18

Gasteizen euskaraz; egingo al dugu?

Azaroaren 17an hasi eta ikasturtean zehar iraungo duen kultur programa da Egingo al dugu? egitasmoa. Iaz sortu eta aurten hazi egin den ziklo honetan era askotako estilo, formatu eta edukiak uztartu nahi izan ditu Gasteizko AEKk, hiriko leku ezberdinetan. Musika, antzerkia, hitzaldiak, diaporamak, tailer ezberdinak gozagai auzo elkarteetan, gaztetxean, gizarte etxeetan, tabernetan... 
 
Kultura eta ezagutza zabaltzeko, euskara baliagarri sentiarazi nahi diete AEK-ko ikasleei, Gasteizko euskal hiztunei eta jendarte osoari eta atzoko aurkezpenean, ekimen horietan parte hartzeko deialdia zabaldu zuten.

2010/09/24

Tunisia ezagutzeko gogorik bai?

Aizu!-ko harpideduna izanez gero, Tunisiara musutruk joan zaitezke. Eroski Bidaiak-i esker zortzi eguneko bidaia zozkeatuko dugu harpidedun guztien artean urriaren 22an, eta irabazlearen izena azaroko zenbakian ezagutaraziko dugu.

Egin zaitez harpidedun epe hori baino lehen, eta zozketa honetan hartuko duzu parte. Zorte on!

2010/09/15

bai, nahi dut




Bai, nahi dut!. Oso testuinguru zehatz batekin lotzen dugu esaldi hori askotan, eta testuinguru horrek konpromisoa dakargu gogora, askatasunez hartutako konpromisoa, benetan nahi izatearen ondorioa. Izan ere, hor dago gakoa, eta oinarria: nahi izatea da kontua.

Bai, nahi dut!. Erabaki irmo baten aldeko jarrera azaltzen du esaldi ezagun honek, borondatezkoa eta derrigortasunik gabekoa den lotura. Norberak aukeratzen du noiz lotu, eta noiz arte, non eta nola, baina izan argi, behin euskara ikasita, ondare hori betiko izango duela Bai, nahi dut!esaten duenak, euskarak ez baitio sekula huts egingo. Lehen urratsa, kasu honetan, Bai, nahi dut! konbentzimenduz eta benetan esatea baita.

2010/07/22

2010/06/08

berbaditza eta Bilboko ikasleen jaia

Iparraldean Euskal Kultur Erakundeak eta AEK-k antolatzen duten Hitzaditza lehiaketa eredutzat hartuta, izena bizkaierara egokitu eta Berbaditza Diktaketa Txapelketa antolatu du Bilboko AEK-k ekainaren 17rako, ikasturtea bukatzeko egingo den Ikasleen Jaiaren barnean.

Bilborock-en burutuko den txapelketa honen helburuetako bat da euskararen praktika euskaltegietatik ateratzea eta Bilboko euskaltegi ezberdinetan dabiltzan ikasleek elkar ezagutzea. Bestalde, euskal fonetika eta ortografia lantzeko aukera paregabea izango dute AEK-ko ikasleek. Lehiaketa hiru mailatan banatuko da eta Lutxo Egiak, Uxue Alberdik eta Kirmen Uribek prestatutako testuak irakurriko dira.

10:30ean hasiko da diktaketa saioa, eta ondoren bertara hurbildutako ikasleek Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren antzezlan bat ikusi ahal izango dute. Sari banaketa iluntzean izango da, 18:30etatik aurrera Bilborock-en bertan ospatuko den jaiaren barnean: jolasak, sariak, musika... Ez da animaziorik faltako ikasturte bukaerako festa horretan!

“mihi puntan duzuna” ateratzeko udako eskaintza

2010/05/26

mintzapraktika, UEUko ikastaroak eta deskontuak

Aurton ere, mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten lagunek %25ko deskontua izango dute UEUk antolatzen dituen udako ikastaroetan. Horretarako baldintza hauek bete beharko dira:

  • Egitasmo batean parte hartzea.
  • Bestelako diru-laguntzarik ez jasotzea (bere udalarena, foru aldundiarena...)

Izena eman aurretik eskaera egin behar da, baieztatu ostean, ikasleak matrikula egingo du.

Dudarik gabe, udan euskara lantzeko beste aukera paregabea.

2010/05/20

udako barnetegi ibiltariak

Udako eskaintzaren barruan, aurton ere, praktikatzeko barnetegiak antolatu ditu AEK-k. Bi dira aurtengo eskaintzak:

Barnetegi ibiltaria (oinez) Lehen aldiz, uztailaren 3tik 18ra Euskal Herria mendirik mendi zeharkatuko dugu mutur batetik bestera.

Barnetegi ibiltaria (bizikletaz) Aurtengoa 10. edizia izango da eta ziurrenik, uztailaren 17tik 31ra Euskal Herriko hainbat txokotan ibiltariko txirrindulariak topatuko dituzue.

Barnetegi hauen prezioa: 450 euro dena barne
Izena ematea: ibiltaria@aek.org edo telefono hauetara:
  • barnetegia oinez: 663 030 568 (azken eguna: ekainaren 24a)
  • barnetegia bizikletaz: 630148 159 (azken eguna: uztailaren 8a)

2010/05/12

Basauriko hitz gurutzatuen txapelketa

Datorren maiatzaren 29an, larunbatez, Basauriko hitz gurutzatuen I. txapelketa egingo dute. Txapelketa bada ere, euskaldunon eta euskara ikasleon arteko topaketa dela esan daiteke, giro alaian eta patxadan elkar ezagutzeko aukera izango baitute egun horretan.

Izena ematea eta informazioa: Basauriko Bolintxu AEK Euskaltegian edo 944.408.264 telefonoan.

2010/04/30

AEKkarparen 10. edizioa

Iruñeko Donibane auzoan kokatuta dago Irrintzi AEK euskaltegia, urtero jaialdia prestatzen dute bertako auzoko euskaldunekin karpa handi baten babesean. Aurten X. AEKkarpa eginen dute, hori dela eta, egitarau zabala prestatu dute. Goizean futbito, dantzari txikien topaketa, AEKolinpiadak, ardo feria, kantuz, mus txapelketa, bazkaria, kalejira eta bueltan dantzaldia eta kontzertua. Ederra ezta?

Egun horretan bertan, Iruñean ere, Kontseiluak manifestazioa deitu du Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean. Aukera paregabea duzu biak uztartu eta egun osoko plana egiteko.

Info+: 948 27 41 60 edo mezua bidali

2010/04/26

Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea

Nafarroako euskalgintzak, tartean AEK-k, maiatzaren 15ean Iruñean egingo den manifestaziora deitu du. Euskarak Nafarroan bizi duen egoerarekin kezkatuta eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen kontrako jarrera salatzeko manifestazioa antolatu dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, euskalgintzako kideek eta norbanako euskaltzaleek. Nafarroan euskalgintzan diharduten talde eta norbanako ugarik agertu diote babesa manifestazioari.


AEK-k ideologia guztietako nafar guzti-guztiei manifestazioan parte hartzera dei egiten die. Deialdiarekin bat egiteko klikatu hemen

2010/04/23

Hitzaditza, euskarazko diktaketaren 5. edizioa

Euskal kultur erakundeak eta AEK-k Hitzaditza diktaketaren bosgarren edizioa Baionan antolatu dute 2010eko maiatzaren 29an.

Diktatu idatziaren ariketa aitzakitzat hartuz, Hitzaditzaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta bereziki irakurmena eta idazmena bultzatzea, batetik diktaketa bera eginez, bestetik euskal idazle zenbait ezagutuz eta gurutzatuz.

Lau sailetan banatuko dira parte hartzaileak: euskaldun trebeak, euskara ikasten ari direnak, 13-14 urte arteko gazteak, 15-16 urteko gazteak. Zuzenketak, egun hartan berean eginen dira eta irabazleen izenak jakinaraziko ditugu eguerdi aldera. Sariak orduan banatuak izanen dira, beti ere kulturari lotuak (hiztegiak, DVDak, KDak, liburuak, sarrera txartelak…).

info+ hemen

2010/04/19

XIX.txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa jokoan da jada

Txiste edota pasadizo bitxiren bat buruan baduzu pasa ezazu lehenbailehen paperera eta bidali AEK-ra. Izan ere, Goierriko Goiztiri AEK Euskaltegiak Ordiziako Udaleko EBPNren babesean antolatuta XIX. Txiste eta Pasadizo Idatzien lehiaketa jokoan da jada.

16 urtetik gora badituzu parte har dezakezu soilik eta txiste nahiz pasadizoak euskalkiaz edota euskara batuan idatziak izango dira; nahi adina bidal ditzakezu. 3 txiste onenek bina afariko saria izango dute zain, Itsasoko Osatu Jatetxean, Ormaiztegiko Kuko Jatetxean eta Zeraingo Mandioa Jatetxean.Txisteak jasotzeko azken eguna maiatzaren 21a izango da, bidaltzeko klikatu hemen Anima zaitez!

2010/04/14

Uda honetan Irlandara euskaraz

Aste santuko oporrak bukatu berri dira eta burua udakoetan badaukazu laster AEKren udako eskaintzaren berri jasoko duzu. Bitartean zure oporraldia prestatzen has zaitezen eskaintza polita jaso dugu Irlandanet elkartetik.

395€tik hasita gida, garraioa eta aterpetxea sartuko lirateke (hegaldiak ez dira sartzen baina elkartetik laguntzen ahal dute hori lotzen) Talde txikiak dira eta Irlandako historia, kultura, hizkuntza, musika, parranda, hondartza, mendia... lirateke osagai nagusiak eta dena euskaraz.

Informazioa eta izana emateko klikatu hemen, adi egon kopurua mugatua delako!

2010/03/29

AEK etorkizunari begira bere XIII. mintegian

AEK-k jai giroan ospatu du XIII. Mintegi hau, pasa den abenduan bete baitziren 30 urte Arantzazun bere lehenengo mintegia egin zuenetik. Ordutik hona, beste hamabi mintegi prestatu ditu, koordinakunde izatetik Euskal Herri osoan aritzen den erakunde izatera pasatu da, milaka eta milaka lagun euskaldundu ditu eta hamasei Korrika antolatu. Hori irudikatu dute amaiera ekitaldian taula gainera igotako bost irakaslek, aurrena “AEK, hiru hamarkada garena ikasten” esaldia osatzen zuten bost koadro erakutsiz, eta ondoren, haiei buelta emanda, “Etorkizunean ere Euskal Herria euskalduntzen” esaldia osatuz. Izan ere, AEK-k iragana du, baina baita etorkizuna ere.

Iragan eta etorkizun horren isla izan da amaiera ekitaldiaren hasieran entzun den AEKren historiari buruzko kontakizuna, argazki zahar eta berriz hornitua. Eta ildo horretatik jarraitu dute ondoren parte hartu duten hizlariek ere. Kortatu taldearen AEK-ko beteranoak kantak eman dio amaiera XIII. mintegi honi.

Mintegiko argazkiak

2010/03/22

Gernikako GUGAZte! egitasmoak badu logotipoa

Martxoaren 20an, larunbatean, AEK-k GUGAZte! egitasmoa aurkeztu zuen Gernikako Elai-Alai aretoan. Proiektu honen helburua 12 eta 24 urte bitarteko gazteak euskara modu naturalean erabiltzera bultzatzea da. Aldi berean, gazte etorkinek ere euskara erabiltzeko tresna izan nahi du, hauek ez dezaten euskara inposaturiko hizkuntza moduan hartu.

Egitasmo hau 2008an jarri zen martxan, Gernika-Lumoko Udalak eta Ahize-AEKk sinatutako akordioaren ondorioz. Helburu nagusia gazteak euskarara hurbiltzea izanik, gazte horiei zuzendutako jarduerak antolatzen hasi dira, euren artean egindako 500 inkestaren emaitzak aztertu ondoren.

Esate baterako, abian jarritako lehen jarduera egitasmoaren logotipo ofiziala izango dena aukeratzeko lehiaketa izan da, eta bi kategoriatan banatu da. 18 urtetik beherakoen artean, irabazlea Estephanie Romero izan da, Bolivian jaiotako 15 urteko gernikarra. Eta 18 urtetik gorakoen artean, 21 urteko Amaia Badiolak irabazi du lehiaketa. Biek jaso dute sari legez ordenagailu eramangarri bana. Ekitaldia, larunbatean egin genuen eta 80 lagun hurbildu ziren, besteak beste, sariketaz gain, RAPa, breakdancea, musika eta dantza saio paregabeaz gozatzeko.

2010/03/17

esaera zaharren 17. txapelketa

Esaera Zaharren Txapelketa arrakastatsuaren edizio hau apirilaren 17an izango da, igandearekin, eta ohi bezala, Sopelan. Esaera Zaharren Txapelketa urtero-urtero egiten den egun osoko ospakizuna da, atsotitzak, bertsoak eta jaia ezin hobeto uztartzen dituena.

Txapelketak bi saio ditu: eguerdian kanporaketak herrian zehar eta arratsaldean finalak Ander Deuna ikastolan. Taldeka egiten da (2-4 kide, 16 urtetik gorakoak) eta bertsolariek botatzen dituzten bertsoak aurretik banatzen den zerrendako 100 esaeretatik zeini dagokion asmatzean datza.

Izena emateko epea apirilaren 12an bukatuko da. Inskripzioa 12 eurokoa da eta bazkarirako txartela 18 eurokoa pertsonako. Izena emateko edo informazio gehiago

2010/03/05

Kaixo maitia, praktikatu nahi?

kaixomaitia.com kontaktu edo harremanak euskaraz bideratzeko web ordaindutako zerbitzua da. Bertan euskarazko harremanak izateko eta gainerako lagunekin mezuak trukatzeko aukera dago.

Facebook-eko praktikatu AEKren lagunek hiru hilabeteko harpidetza osoa doan izango dute apirilaren 30era arte Facebook-en Kaixo Maitia taldearen zale eginez gero. Beraz, badakizu, facebooken sartu, egin praktikatu AEKren laguna eta topatu kaixo maitian zure laranja erdia.

Kaixomaitia.com zer den ikusteko hemen duzu bideo bat.

2010/03/01

mintzapraktika egiten baduzu AIZU! aldizkaria merkeago

AIZU! oinarrizko euskaraz idatzitako aldizkaria da, euskara ikasten ari den edota euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen ororen lagungarri. AEK-k argitaratu eta harpidetza bidez jaso daiteke norberaren etxean, irakurle ororentzako moduko aldizkaria baita.

AIZU! aldizkariak urtean hamar ale kaleratzen ditu (hileko bat, abuztuan eta urrian izan ezik), eta batez ere gizarte eta kultura gaiak lantzen ditu, erreportaje, elkarrizketa eta albiste laburren bidez. Komikiak, denbora-pasak eta euskal gramatikaren inguruan sortzen diren zalantzak argitzeko txokoa ere biltzen ditu bere orrietan. Testu guztiak daude euskara errazean idatzita eta hiztegi sarreratxoen laguntza dute, hitz eta egitura zailenak ulertu ahal izateko.

Mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen baduzu urteko harpidetza merkeago egingo dizugu. Bete datu hauek eta zurekin jarriko gara harremanetan.

2010/02/15

hemen gaude, gaelikoren alde!


Europako hizkuntz gutxituak indartzearen alde dauden lagunak gero eta gehiago gara, berri hau horren adibidea da. Martxoaren 9an, Irlandan, gure Korrikaren moduko bat antolatu da, Rith du izena eta bederatzi egunez gelditu gabe 1.600 km egingo du irlaren punta batetik bestera.

Aurreko mezuan Bretainako Redadeg lasterketari buruzko informazioa eman genizuen, eta ziurrenik datorren urtean beste baten berri izango dugu, izan ere, Galesen antzeko zerbait antolatu nahian daude eta.

2010/01/20

Bretainako Korrika

2010eko maiatzaren 10etik 15era Redadeg-ek, bretoieraren aldeko lasterketa, 6 egunez Bretaina zeharkatuko du, orotara 1.200 kilometro. Gure Korrikari begiratu zioten bertakoek eurena egiteko, gustatu eta egin. Ziur gaude bigarren edizio honetan ere arrakasta bermatuta dagoela. Redit Breizh!



2010/01/14

ikaskuntza konbinatua, 3. maila



Azken urteotan asko aldatzen ari da euskaltegietako ikasleriaren profila. Gero eta denbora gutxiago, gero eta ordutegi sakabanatuagoak. Erronka handia gertatzen ari zaigu euskaltegioi egoera berriarentzat egokiak izan daitezkeen erantzunak topatzea. Alde horretatik, aurrez aurreko saioak eta on-line uztartzen dituzten ikastaroek aukera zabala daukate, taldekako lana eta autoikaskuntza batzen dituelako. zaugarri horietaz guztiez baliatu nahi dela AEKren ikaskuntza konbinatua.

ON-line eta ON-do ikasi!