2015/09/25

Durangaldeko berbalagunen testigantzak


Mintzapraktika egitasmo berriok herriz herri aurkeztuko dira datozen egunotan. Asteon, Durangaldeko berbalagunek hasiera eman zioten ikasturte berriari, eta horretarako bideo txiki eta polit hau eskaini digute.

2015/09/19

AEK-k aurkeztu du mintzapraktika egitasmoetarako izen emate kanpaina


2015-16 ikasturtean ere, AEK-k abian jarri ditu mintzapraktika programak; hala, gaur, larunbata, egitasmoaren aurkezpena egin du, Lotsarik gabe, praktikatu gurekin lelopean. Kalean -Portugaleteko terraza batean, hain zuzen-, AEKren mintzapraktika egitasmoen koordinatzaileak eta programetako kideak bildu dira, egitasmo horien nondik norakoak azaltzeko.

Azken urteotan bezala, egitasmoetako partaideek jarri diote aurpegia kanpainari. Lagun hauek erakutsi digute euskaraz mintzatzeko lotsa galdu behar dela, haiek egin duten bezala, hizkuntza gaitasuna areagotzeko eta euskal hiztunon komunitate hurbila handitzeko.

Aurreko ikasturtean, elkar ezagutzeko ekintzek (mintzodromo, ikastaro, irteera, bazkari zein afari, ikuskizun, kultur irteera eta abarrek) oso harrera ona izan zuten mintzapraktika programetan parte hartu zuten 6.000 lagunen artean. Beraz, egitasmoen antolatzaileen helburua da horiek sustatzen jarraitzea aurrerantzean.

Bestalde, asmoa azaldu dute GURASOlagun programari ere beste bultzada bat emateko, familietan eragitekotan. Gainera, aurten, berrikuntza moduan, GAZTElagun abiatuko da hainbat herritan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Mintzapraktika egitasmo berriok herriz herri aurkeztuko dira urrian. Ikasturte honetan, toki gehiagotan sortuko dira taldeak; horrela, euskararen erabilerak segituko du indarra hartzen.

2015-16 ikasturtean parte hartu nahi baduzu Euskal Herrian osatuko diren mintzapraktika programetako baten batean (BERBAlagun, MINTZAlagun, MINTZAkide, GURASOlagun... 100etik gora), jada eman dezakezu izena. Horretarako, euskaltegi, euskara elkarte edota euskara zerbitzuetara jo dezakezu, edota izena emateko fitxa bete.

Mintzapraktika programak berriro martxan.