2014/12/02

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, hainbat Mintzodromo



Bihar, abenduak 3, Euskararen Egunarekin batera, mintzodromoak antolatu dituzte hainbat herritan: 

Santurtziko berbalagunak. Gernika Parkean, bi hitzordu izango dira: goizean, 10:00etatik 11:30era eta arratsaldean, 17:00etatik 18:30era.

Muskizko berbalagunak. Gaztegunean , beste bi hitzordu: goizean, 10:30etik 11:30era eta arratsaldean, 18:30etik 19:30era.

Galdakaoko berbalagunak. Urreta Kiroldegian, goizeko 10:30ean.

Amurrioko berbalagunak.  Plazan, arratsaldeko 17:00etan.

Hauez gain, Portugaleteko berbalagunek aurreko ostiralean izan zuten topaketa giro paregabean eta Bilboko berbalagunek ostegun honetan, hilak 4, izango dute hasierako jaia Bilbo Zaharreko Ziburu tabernan 20:00etatik aurrera.

Etorri, parte hartu eta hitz egin!



2014/11/28

Mintzapraktika, partaideen bidaia


Eva, Juani, David, Mikel, MariMar, Fernando eta Rami, beste milaka lagunekin batera, euskaraz bizitzera eramango dituen bidaia egiten ari dira. Zeuk ere lagundu ahal diezu, euren bidelaguna izan zaitezke. Eman izena mintzapraktika egitasmoetan, izan bidelagun!

2014/10/24

Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi jardunaldia.


Azaroaren 28an burutuko da Bilboko La Bolsa udaltegian Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi izeneko jardunaldia, AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuak antolatuta.
Jardunaldia irekia da, baina izena eman beharko da parte hartzeko. Horretarako epea, azaroaren 21ean amaituko da.
Egitaraua, hizlariak, informazioa eta izen emateko fitxa jardunaldiaren blogean  dauzkazu.

2014/09/23

Lotsa galtzeko, mintzapraktika egitasmoak martxan


Euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu ostean, AEK-k mintzapraktika programetarako kanpaina berria jarri du abian #lotsarikgabe lemapean. Horrenbestez, 2014-15 ikasturtean mintzapraktika programaren batean (Berbalagun, Mintzalagun, Mintzakide...) parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada Euskal Herrian osatuko diren 90etik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara eta euskara zerbitzuetara jo dezakete, edota klikatu hemen

Iaz bezala, #lotsarikgabe kanpainako protagonistak benetako berbalagun, mintzakide eta gurasolagunak dira. Ezagutzatik erabilerara igarotzeko erabakia hartu zuten lagun horiek dagoeneko galdu dute euskaraz mintzatzeko lotsa. Beraz, eta primeran ezagutzen dituztenez mintzapraktika egitasmoak, “modelo” ezin hobeak dira jendea mintzapraktika egitasmoetan izena ematera animatzeko.

Aurreko ikasturtean mintzapraktika programetan parte hartu zuten 5.600 lagunen artean oso harrera ona izan zuten mintzodromoek. Beraz, egitasmoen antolatzaileen helburua da ikasturte honetan iazko apustuari eutsi eta mintzodromoak sustatzen jarraitzea. Bestalde, gurasolagun programari beste bultzada bat emateko asmoa ere azaldu dute.

Mintzapraktika egitasmo berriak herriz herri aurkeztuko dira urrian zehar. Ikasturte honetan, gainera, herri gehiagotan sortuko dira taldeak. Euskararen erabilerak indarra hartzen jarraituko du horrela, parte hartzaileen artean urtero egiten den inkestaren arabera, iaz mintzalagunen herenak nabarmendu baitzuen lehen baino gehiago egiten zuela euskaraz.

2014/07/03

Aurten ere, mintzapraktika egitasmoek oso balorazio ona jaso dute.

AEKren Praktika Zerbitzuak aurtengo partaideen asebetetze inkestaren emaitzak jaso berri ditu. Emaitzen arabera, Euskal Herriko berbalagun, mintzalagun zein mintzakide egitasmoen bataz besteko balorazioa 9,2 izan da.

Bestalde, dinamizatzaileek egindako lanaren ebaluazioa oso altua izan da, eta orohar, haien esfortzua eskertzeko hitzak baino ez ditugu jaso. Beraz, pozik egoteko modukoa ikasturtea izan da.

Urtero egiten den inkesta honetan, parte hartzaileen herenak nabarmendu dute lehen baino gehiago egiten dutela euskaraz (Datu horren barruan euskaldun osoen erantzunak ere jasota daude)

Antolatutako ekintzak baloratzeko ere balio izan digu. Aurten, esaterako, antolatutako mintzodromoek oso harrera ona izan dute. Beraz, gisa horretako ekimenak egiten jarraituko dugu. Inkestan ere, proposamen berriak egiteko aukera egon da. Irailean ideia horiek guztiak datorren ikasturteko plangintzetan lekua izango dute.

Eskerrik asko, asebetetze inkesta bete duzuon berbalagun, mintzalagun eta mintzakide guztioi!

2014/06/23

Ezkerraldeko berba abordajea

Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko berbalagunek Berba abordajea egingo dute ekainaren 27an. 
Santurtziko berbalagunek, 20:00etan itsasontzia hartuko dute eta segidan Portugalete eta Barakaldokoen bila joango dira. Geroxeago, denak pirata jantzita, Sestaoko jaietan berba abordajea egingo dute. Bertsolariak, trikitilariak, mozorro lehiaketa.... Itsasontzian joateko, eman izena ezkerraldea@aek.org helbidean. 

2014/06/12

Berbalagunen topaketa Urduñan

Ekainaren 22an, Urduñako San Juan merkatuan, Berbalagunen Topaketa antolatu dute VSF-Herrien Bidezko Elikadura elkarteak eta AEKren Praktika Zerbitzuak, Urduñako hainbat eragile sozial eta udaletxearen laguntzarekin. 

Urduñara hurbilduko diren guztiek, elikadura burujabetza helburu duten bertoko esperientziak ezagutu eta jai giroan euskaraz bizitzeko aukera izango dute; gosari agroekologikoa, Urduñatik eta merkatutik bisita gidatua, gertuko ekoizleen eskutik bertoko txakolin eta gazta dastaketa, taloak egiteko tailerra...eta ostean, bazkaria.
 
Izena emateko jo zure herriko dinamizatzailerengana, bidali mezua helbide honetara edo deitu telefonoz VSF 695 478 735 / 94 496 11 75.

2014/05/27

Udan ere mintzapraktika

Ekaina heltzear dago, eta udan ere euskara praktikatzen jarraitzeko aukera zabaldu dugu. Eman izena zure herriko euskaltegian, euskara zerbitzuan edo bete fitxa hau Azken eguna, ekainaren 20a.

2014/05/26

maramara* taldeak eta AEK-k hitzarmena sinatu dute


Gaur goizean maramara* taldeak eta AEKren Praktika Zerbitzuak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, Mintzanet egitasmorako.

Mintzanetek internet bidez euskara praktikatzeko aukera ematen du eta hitzarmen honen lehenengo urratsa, praktikatu nahi duen jende gehiagori aukera hori eskaini ahal izateko euskaldun osoak edo bidelagunak topatzea izango da.

Beraz, euskalduna bazara eta norbaiti praktikatzen lagundu nahi badiozu, eman izena hemen

2014/05/20

Mintza Eguna 2014


Aurtengo Mintza Eguna Izarran izango da, maiatzaren 31n. Goizeko 11:00etatik aurrera eta gauera arte, jai giro euskaldun ederra egongo da Arabako herri txiki honetan: ibilaldia, kalejira, bazkaria, erromeria, kontzertuak... 

Aukera galduko duzue?

Informazio gehiago nahi baduzue edota bazkarirako txartelak eskuratzeko, klikatu hemen

2014/05/15

Mintzodromo ugari maiatza eta ekainean


Datozen asteotan euskara praktikatzeko hitzordu ugari eta paregabeak izango ditugu, herri ezberdinetan egingo diren mintzodromoetan parte hartuz. Hona hemen datak:

Maiatza

21ean, asteazkena, Muskizen. Goizeko 10:30ean eta arratsaldeko 19:00etan Gaztelekun
22an, osteguna, Zallan. 18:00etan frontoian
27an, asteartea, Portugaleten. Goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan San Roke plazan. Ezkerraldeko

Ekaina

3an, asteartea, Barakaldon. Goizeko 10:30ean eta arratsaldeko 18:30ean Clara Campoamor Kultur Etxean
7an, larunbata, Ermuan. 13:00ean Herriko plazan
11n, asteazkena, Trapagaranen. 19:00etan herriko taberna ezberdinetan

Ez galdu aukera eta parte hartu!

Izena emateko modua eta informazio gehiago:
Meatzaldeko berbalagunak
Enkarterriko berbalagunak
Ezkerraldeko berbalagunak
Ermuko berbalagunak




2014/03/20

Esaera Zaharren Sopelako Txapelketaren XXI. edizioa


Beste urte batez Esaera Zaharren Txapelketa antolatu du Sopelako AEK-k. Aurtengoa martxoaren 29an izango da eta betiko moduan goizeko eta arratsaldeko saioak izango ditu bazkaria tarteko.

Bertsoak eta atsotitzak elkartzea da ekitaldi honen helburu nagusia eta jakina, euskaraz ederto pasatzea! Baina honekin batera ezin ahaztu irabazleek eramango dituzten sariak...

Bizkor ibili, izena emateko azken eguna martxoaren 24 baita!

Informazio gehiago edo parte hartu nahi baduzu klikatu hemen

2014/03/19

Familian euskaraz jolasean saioak


Otsailean iragarri genuenez, Urtxintxa eta AEKren elkarlana abian da eta jada Familian euskaraz  jolasean tailerraren hainbat saio burutuko dira martxoa eta ekaina bitartean. Hona hemen datak eta herriak:

Martxoa
22an, larunbata, Santurtzin
26an, asteazkena, Urduñan
28an, ostirala, Luiaondon

Apirila
7an, astelehena, Amurrion eta Ortuellan
12an, larunbata, Balmasedan

Maiatza
5ean, astelehena, Bilbon
9an, ostirala, Bermeon
10ean, larunbata, Muskizen
31n, larunbata, Ermuan


2014/03/18

Dinamizatzaileon bilgunea Ermuan


Pasa den ostiralean, hilak 14, mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileak bildu ginen Ermuan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 27 lagun elkartu ginen eta gure lana hobetzeko hainbat gai jorratu genituen: beste erakundeekin elkarlana, datuak kudeatzeko plataforma, dinamizatzaileon gidaliburua, txantiloi berriak... eta horrez gain, arratsaldean esperientziak elkartrukatzeko astia ere izan genuen; beraz, oso egun emankorra izan zen.

Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi, hurrengoan, gehiago eta hobeto!

2014/02/27

Andoainen Gurasolagun martxan!


Azaroan abian jarritako kanpainak fruituak eman ditu eta jada gurasolagun taldeak biltzen hasi dira Andoainen. 6 talde daude eskola ezberdinetako umeak eta gurasoak elkartzen dituztenak astean behin ordu betez; eta horrez gain, orain martxoan guztiak bilduko dituen ekintzaren bat egiteko asmoa ere badute.

Gehiago jakiteko: Gipuzkoako mintzalagunak


2014/02/20

Mintzodromoa Balmasedan


Euskara praktikatzeko aitzakiaren bila zabiltzate? Bada, aukera ezinhobea izango duzue otsailaren 26an, asteazkena, Balmasedan egingo den mintzodromoan. Goizeko 10:30ean hasita, kafea eta mintzagai ezberdinak izango dira Balmasedako kiroldegian.

Informazio gehiago: Enkarterriko berbalagunak

2014/02/17

Urtxintxa Eskola eta AEKren Praktika Zerbitzua elkarlanean

Urtxintxa Eskolak eta AEKren Praktika Zerbitzuak proiektu bat jarri dute martxan elkarlanean: FAMILIAN EUSKARAZ JOLASEAN.

Hizkuntzen transmisioan familia izaten da eragilerik garrantzitsuena. Horregatik, euskararen normalizazio prozesuan familiaren bidezko transmisioari behar bezalako pisua eman beharko genioke. Gurasolagun programak prozesu horri bere ekarpena egin nahi dio.

AEK-k kudeatzen dituen Gurasolagun programetako haurrak eta gurasoak, Urtxintxa Eskolako begiraleen laguntzaz, euskaraz jolasean arituko dira ordu eta erdiko saioetan. Saio hauen helburu nagusia da familian bertan eta familien arteko euskarazko harremana indartzea. Saioak hainbat herritan garatuko dira; kaleetan, plazetan, parkeetan... Beti ere, euskararentzako esparru berriak irabazteko asmoz.

2014/02/07

Zure zaletasuna mintzagai!


                                                           Aiaraldeko gurasolagun


Bada oraindik euskara praktikatzea euskaltegian egiten den kontua dela pentsatzen duenik... Baina, azken urteotan mintzapraktika egitasmoek argi utzi dute hori ez dela horrela eta geroz eta gehiago dira gustatzen zaiena euskaraz egiteko biltzen diren taldeak.

Herri askotan daude zaletasunen inguruan elkartzen diren taldeak eta askotarikoak dira:  kantu taldeak, mendilagun eta martxalagunak, eskulan taldeak, dantza taldeak, pilates egiteko taldeak, sukaldean aritzen diren heldu zein ume, irakurzale klubak...

Joera honen adibide zehatzak Portugalete kantari eta Gernikako mendilagunak

Zeren zain zaude zu ere gustuko duzuna euskaraz egiteko? 

2014/01/08

Praktika Jarduerak, erreportaia AIZU!n

Zer da hizkuntza bat, erabili ezean? Ezer ere ez! Gehienez jota, adituentzako altxorra, desagertutako bitxikeria. Zertarako egin, hortaz, erabiliko ez dugun zerbait ikasteko ahalegina? Hizkuntza bat, euskara bera, erabiltzeko ikasten da. Eta erabiltzeko zein erabiliz ikasten da.

AIZU! AEKren aldizkariaren azken aleak hiru praktika egitasmo ekarri ditu testigantzak atalera: Hernaniko Zilegi Eskola, Bilboko Darabilbo egitasmoa eta Aguraingo Berbalaguna. Elkarrizketak irakurri nahi badituzu, sartu AIZUren webgunean.