2011/12/12

Abantailak eta deskontuak

Mintzapraktika programetan parte hartzen dugunok, euskaraz hitz eginez gozatzeaz gain, berbalagun, mintzalagun, mintzakide... izateagatik bakarrik, hurrengo abantaila hauek izango dituzu:

2011/09/23

Euskara atsegin dut!

AEK-k, euskaltegietako matrikulazio kanpainarekin batera, mintzapraktika programetarako kanpaina berria jarri du abian Atsegin dut! lemapean. Horrenbestez, 11-12 ikasturtean mintzapraktika programa batean parte hartu nahi duten guztiek eman dezakete izena jada Euskal Herrian diren 90tik gorako egitasmoren batean. Mintzapraktika programetan edozeinek har dezake parte, berdin dio euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan. Kanpaina honetan azpimarratu nahi dena zera da; euskara harreman sareak sortzeko tresna ere badela. "Atsegin dut!" esamoldea interneteko sare sozialekin lotzen dugu nahitaez. Baina sare sozial birtual hauetaz gain, euskara praktikatzea aurrez aurreko harreman sareak sortzeko era egoki bat izan daiteke. Benetako sare sozialak, alegia. Atsegin duzu?


Azken aldian denon ahotan dabiltza interneteko sare sozialak. Harreman sare birtual horien balioa eta beharra ez dugu guk zalantzan jarriko, guk ere erabiltzen ditugu, baina egitako sare sozialak, aurrez aurreko harreman sareak, atsegin badituzu eta gainera euskara praktikatuz eraiki nahi badituzu, ez duzu inon ezer klikatu behar; eman izena Euskal Herrian diren 90tik gorako egitasmoren batean.

Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Euskal Herriko lurralde guztietako hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak. Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta berria merkeago, eta beste hainbat abantaila.

2011/09/20

UPV-EHUko kredituak eskatzeko.

Jakingo duzuenez azken urteotan dugun hitzarmenari esker AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskura ditzakete.

2010-11 ikasturtean horrelako egitasmoren baten parte hartu duten ikasleek euren herriko dinamizatzaileari ziurtagiria eskatu ahal diote. Era berean, gogoratu aurten ere izena eman dezakezula gure programetan.

Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.

2011/09/16

Südtirol-etik dator notizia


Bozen (Bolzano) Italiako herrialde autonomoan alemaniaren erabilera sustatzeko Voluntariat per les llengües programa abian jarri dute. Italiar hiztunen artean alemanera sustatzea da egitasmoaren xedea; izan ere, alemanera hizkuntz ofiziala da herrialde osoan, eta horretarako Katalunian aski ezaguna den  Voluntariat per la Llengua egitasmoa erreferentzi moduan hartu dute.

Programan alemaneraz egiten duen jendea ikasi nahi duen italiar hiztunekin elkartzen da, gure mintzapraktika egitasmoetan bezala! Honezkero 600 lagun daude izena emanda; gehienak Bozen hiriburukoak dira baina beste hiri eta herrietara ere zabaltzen ari da: Meran, Brixen, Bruneck...

Euskal Herrian mintzapraktika egitasmoetan gabiltzanok zorterik handiena opa nahi diegu. Viel Glueck!

2011/06/07

AEKrekin euskararen bide naturalak ezagutu!

Urtero bezala, AEK-k bere udako eskaintza prestatu du; ikastaroak, barnetegi arruntak, familia barnetegiak, Baina naturarekin harreman estua izan nahi baduzu, aukera bereziak badituzu.

Urepeleko barnetegian, euskara eskolez gain, inguruko mendietara txangoak egiteko aukera eskaintzen duena.

Barnetegi Ibiltarietan, bizikletaz eta oinez, ez dago eskola ordurik mintzapraktikara bideratuta daudelako, baina arduradunak irakasleak direnez edozein zalantza argitzeko prest dauzkazu. info+
Animatu eta ezagutu euskararen bide naturalenak!

2011/05/23

Udako Euskal Unibertsitatean deskontuak!

Aurton ere, mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten lagunek %25ko deskontua izango dute UEUk antolatzen dituen ikastaroetan. Informazioa hemen.
Horretarako baldintza hauek bete beharko dira:
  • Praktika egitasmoetan parte hartzea; berbalaguna, mintzalaguna, mintzakidea...
  • Bestelako diru-laguntzarik ez jasotzea (udalarena, foru aldundiarena...)
Izena eman aurretik eskaera orria bete behar duzu, edo bestela zure herriko dinamizatzaileari komentatu. Datuak baieztatu ostean, ikasleak matrikula egingo du.

Aukera ezin hobea da gauza berriak ikasi eta bide batez zure euskara hobetzeko.

2011/05/02

Mintzapraktika egitasmo berriak martxan; Trapagaran, Andoain eta Asparrena

Trapagarango aurkezpenaren argazki bat

Trapagaranen (Bizkaia) euskara praktikatzen arituko diren Berbalagun taldeak biltzen hasiko dira dagoeneko izena eman duten lagunekin. Bizkaiko Meatzaldean hiru ziren orain arte berbalagun egitasmoa martxan zuten herriak: Muskiz, Abanto-Zierbena eta Ortuella. Orain Trapagaranekin eskualde osoan martxan dago egitasmoa. Une honetan ehunetik gora izan dira praktika jardueretan parte hartu zuten lagunak, eta antolatzaileek aurreko urteetako arrakastari eustea dute helburu ikasturte honetan.

Andoainen (Gipuzkoa) ere mintzalagun programa gogotsu hasi da.  Andoaingo AEK eta Udalaren arteko hitzarmena bada ere, herriko beste eragile askok parte hartzen dute programa honetan (euskara elkarteak, irakaskuntza zentroak eta kirol taldeak).

Bi horiez gain, Asparrenan (Araba) berbalagun egitasmoa maiatzaren lehen hamabostaldian abiatuko da. Horretarako aurkezpen bilerara deitu dute maiatzaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, Araiako udaletxean. Bertan, egitasmoaren gaineko xehetasunak jasotzeaz gain, berbataldeen osaketa eta taldekideak ezagutu ahal izango dira. Iaz Agurainen abiatu zen egitasmoa Arabako Lautadan zabaltzen ari da eta irailetik aurrera Dulantzin ere martxan jartzeko asmoa dute bertako eragileek. 

2011/03/11

Kopla idatzi sariketa


Parte hartzaileak: AEKko euskaltegietako ikasleak zein praktika egitasmoetako lagunak.
Egin beharreko lana: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi. Doinua: ama begira zazu, ikusi nuenean
Gaia: Euskalakari baten eguna

Saria: Afari edo bazkari bat sagardotegi batean, bi bertsolarirekin irabazten duen talde osoarentzat.

Azken eguna: Apirilak 1.
Nora bidali: Helbide honetara  
Epaile lanak: Bertsozale Elkartea.

Oharra: Bertsoaldia idaztea eta bidaltzearekin aski da baina bertsolaritzan doinua ere ezinbesteko osagaia denez, baina koplak abestera animatu nahi zaituztegu; beraz, grabatu eta bidali. Bideoz iristen diren bertsoaldiek puntu gehigarri bat izanen dute.

2011/03/09

Hitzaditzaren 6. edizioa



Euskal Kultur Erakundeak eta AEK-k Hitzaditza diktaketaren 6. edizioa antolatu dute 2011ko apirilaren 2an, Baionan.

Iaz bezala, aurtengo Hitzaditza gazteengana bideratu da. Testuen sortzea galdetua izan zaie Baionako Etxepare lizeoko ikasleei


Izen ematea hemen.

2011/03/08

Sopelako esaera zaharren txapelketaren 18. edizioa

2011ko txapelketa apirilaren 2an (larunbata) burutuko da, eta Bizkaiko txapelduna den Arkaitz Estiballes bertsolariak hartuko du parte, Alaia Martinekin batera. Eurek botako dituzte bertsoak arratsalde partean taldeek horien baitan ezkutatzen diren esaera zaharrak zein diren asma dezaten.

Ohi bezala, herrian zehar jokatuko dira txapelketako lehen kanporaketak goizeko 11etatik aurrera, musikak eta bertsoek lagunduta. Finalerdia eta finala, berriz, Ander Deuna Ikastolan ospatuko dira.

Izena ematea martxoaren 28ra arte egongo da zabalik Esaerak eta horien azalpenak eta txapelketaren oinarriak

2011/02/21

Ama-hizkuntzaren eguna

UNESCOren arabera, gaur, otsailak 21, ama-hizkuntzaren eguna da. Euskararen transmisioa bermatu(ko) duten gurasoentzat besarkadarik beroena; eta batez ere, euskaltegietan ikasi duzuenontzat.


Argazkian, familia barnetegiko gurasoak eta umeak.

2011/02/10

Udan Irlandara goaz! 8 egun euskaraz

 
Irlandanet elkartearekin dugun akordioaren barruan mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duzuen lagun guztiok %10eko deskontua izango duzue antolatutako bidaietan. 
Prezioa deskonturik gabe 395 euro inguru!!! (gida euskalduna+furgoneta+aterpeak)
Aurton AEKkideoi ere; irakasleei eta ikasleei, deskontua aplikatuko zaie.
Datak:
  • Uztailaren 5etik 12ra
  • Abuztuaren 2tik 9ra
  • Irailaren 6tik 13ra
Talde txikiak direnez izena eman nahi baduzu ahalik eta arinen egitea komeni da. Informazioa eta izen ematea

2011/02/03

Mintzapraktika egitasmoak, masa-fenomeno berria?

Bilboko eta getxoko berbalagunak sagardotegirako txangoan.

Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak, AEK-k eta Aztikerrek Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egindako prentsa agerraldian. Oro har, egitasmoaren balorazio positiboa egin dute eta mintzalagun kopuruak izan duen gorakada nabarmendu dute.

Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko 2004-05 eta 2008-09 ikasturteetako datuak kontutan hartu dira, egitasmoen osotasunean aztertzea eta horretarako ildo eta teknika ezberdinak baliatuz. Ikerketak utzi dituen emaitzekin “pozik” agertu dira eragileak, oro har, egitasmoaren balorazio positiboa egin dute. Mintzalagun  kopuruak izan duen gorakada azpimarratu dute, batez ere: “Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzaile kopurua izugarri hazi da; 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik, 2010-11an 3.847 izatera pasa da. Horrelako hazkundea izaten duten ekimenak oso gutxi dira, masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke ” ikerketako arduradunen arabera

Mintzapraktika egitasmoan ari diren lagunek programaren balorazio “positiboa edo oso positiboa” egiten dutela azaldu dute, eta horrek arduradunen asebetetze maila betetzen du. “Egitasmoa bideratzeko egiten duten ahalegina modu positiboan baliosten duela erakusten du eta horrek izugarri poztu gaitu. Batezbestekoa 8,5a gainditzen du, bide onean goazela berretsiz”.

Txostenaren laburpena irakurtzeko klikatu hemen