Euskara ikastea eta mendia igotzea antzekoak dira. Bietan abian jartzeko hasierako motibazioa ezinbesteko da. Beharko dugun guztia zakuan sartuta, nagitsu batzuk, oso animatuta besteak, irteten gara etxetik. Inoiz egin ez baduzu maldan gora egitea lan nekeza izan daiteke, baina lehen muinoak igarota maiztasunez praktikatzeak duen garrantziaz konturatzen gara.Horrelakoetan sherpa euskaldunak gure ondoan bidelagun izatea inportantea da, haiek ondo entrenatuta daude eta euren aurrera! eta aupa! guztiei esker aise ibiliko gara euskararen tontorrera heldu arte.
Antzekoak direlako beharbada sortzen dira mintzapraktika egitasmoetan horrenbeste txango eta mendi-talde. Bilbo, Iruñea, Getxo, Baiona… eta orain ere Ezkerraldean mendilaguna sortu dute. Animatuko zara zeu ere euskararen gailurrera igotzen?
Irakurle kanpaina AEKn ikasturtean bitan, egiten dugun eskaintza da. Irakurle kanpainaren bidez euskal liburu eta diskak merkeago eskuratzeko aukera eskaintzen die AEK-k bere ikasle, irakasle eta AEKide guztiei.
Irakurle kanpainaren helburua, AEKideei liburuak eta diskak eskuratzeko baldintza hobeak eskaintzeaz gain, euskara ikasleen artean euskal literatura eta musikaren kontsumoa sustatzea da.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, AEK-rekin eta Topagunearekin batera, mintzapraktika egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko inkesta jarri du abian. Ikerketaren helburua esperientzia hau zabaldu eta hobetzeko informazio baliagarria eskuratzea da.Ikerketa egitea AZTIKER ikerguneari egokitu zaio. Orain arte, zenbait aditurekin elkarrizketak izan dituzte gaiari lehen hurbilpena egiteko, eta eztabaida talde bana egin dute honen inguruan, Arrasaten, Atarrabian eta Santurtzin.
Azaroaren 16tik aurrera, mintzapraktika programatan ari diren lagun guztiei inkesta egingo zaie, gure eskaintza hobetzeko eta zabaltzeko, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu partaideen iritziak eta balorazioa ezagutzea. Galdesorta betetzen duten guztiek zozketa batean parte hartuko dute, zozketan irabazle suertatuz gero, talde osoa eta egitasmoko dinamizatzailea ere izango dira sarituak. Aukeran izango dute afaria edo aste bukaerako egonaldia. Zorte on!
Atzo, azaroaren 5ean, Bilboko berbalagun egitasmoaren hasiera ekitaldia izan zen. Horretarako, egitasmoaren berri eman eta, jai bati dagokion bezala, “txupina” botatzeko, bi saio antolatu ziren, goizean bata eta arratsaldean bestea: Goizeko saioa batez ere informatiboa izan zen, berbalagun proiektua zer den eta nola parte hartu azaltzeko. Arratsaldekoa gehiago izan zen jaia, hasiera jaia hain zuzen ere, Alde Zaharrean dagoen Kalderapeko kulturgunean ospatu zen.
2009/10 ikasturtean AEK-k mintzapraktika egitasmo asko martxan jarri ditu beste herri askotan, besteak beste; Sestao, Zarautz, Altsasu, Lekeitio, Santurtzi, Durango, Bilbo, Gernika, Artziniega, Orio, Sopuerta, Galdakao, Etxarri, Astigarraga, Hernani,Donostia, Ortuella, Urduña, Bermeo, Abadiño, Abanto-Zierbena, Muskiz, Balmaseda, Getaria, Zalla, Andoain, Gordexola, Aiara, Amurrio, Laudio Orozko, Berriz, Ermua, Markina-Xemein, Ondarroa, Urduña, Zumaia… eta Seguran ere azaroan martxan hasi da.
Informazioa AEKren euskaltegietan aurkituko duzu edo e-posta honetan