2009/02/04

bidaia intimoak, ongi etorri korrika!

Korrika honetako omenaldia ez da ohi bezala kultur ikuskizuna izango, Korrika 16ren omenduak protagonistatzat dituen dokumental baten estreinaldia baizik.

Protagonistak euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau pertsona dira, Korrika 16ren omenaldi beroa merezi duten milaka eta milaka lagunen ordezkari gisa hartutakoak. Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa. Lau pertsona ezezagun, aktore izan barik eta zinemaren munduarekin inolako loturarik eduki gabe, prest agertu dira Korrika 16ri ekarpen eder hau egiteko.

Hamaika dira euren modura euskarara hurbildu direnak eta euskaldun asko eta asko lau pertsona hauen bizitzetan identifikatuta sentituko dira, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski. Jon Maiak zuzendutako eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak Korrika 16rentzat egindako dokumentala, otsailaren 7, 19:00etan estreinatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian.

2009/01/27

asteburuko barnetegiak

Asko dira ikasturtean ikasleekin batera asteburuko barnetegia antolatzen duten euskaltegiak. Ostiraletik igandera, herri euskaldun batean, eskolak eman, txangoak eta jarduerak antolatu, bertako euskaldunekin harremanetan jarri, euskaltegia bera dinamizatu...

Hemendik zoriondu eta animatu nahi ditugu lan horretan aritzen diren euskaltegiak eta bertako irakasleak; egiten duten lana ederra baita. Alde batetik; neguko zein udako barnetegietara hurbiltzeko ariketa interesgarria delako eta beste aldetik, ikasleei euskaltegian duten prozesuaz gain, beste aukera paregabe bat ematen zaielako euskaraz treba daitezen.

2008/12/05

Donostian, iriki atia!

Euskararen erabilera eta euskararen ikaskuntza bera sustatzeko iriki atia egitasmo berria abiatuko da Donostian datorren astean, donostiar euskaldunak euskara ikasleekin elkartu nahi dituena, besteak beste.
Horretarako, Donostiako AEK-k doan izango diren hainbat ikastaro, tailer eta saio monografiko antolatuko ditu 08/09 ikasturtean egiteko. Ikastaroek iraupen malgua izango dute, beraien ezaugarrien baitan: egun bakarrekoak, bi, hiru egunekoak edo aste osokoak. Ikastaro bakoitzean 15-20 lagunek hartuko dute parte. Batez beste, partehartzaileen bi heren euskara ikasleak izango dira, eta beste herena hiriko euskaldunak.

iriki atia egitasmoaren ikurra edo logoa Portaleta da. Portaleta, Donostiako harresiaren parte da, itsasorako pasabidea, hain zuzen. Aterik gabeko pasabidea da Portaleta. AEK-k ikurtzat hartu du, eta bere bitartez euskaltegiaren eta kalearen arteko aterik gabeko pasabidea irudikatzeko: euskara ikasleok eta donostiar euskaldunok harremanetan jarriko dituen topalekua.

Informazio gehiago: http://irikiatia.blogspot.com/
iriki atia Donostiako AEK-k kudeatu eta Udalaren Euskara Patronatuak babesten du.