2014/11/28

Mintzapraktika, partaideen bidaia


Eva, Juani, David, Mikel, MariMar, Fernando eta Rami, beste milaka lagunekin batera, euskaraz bizitzera eramango dituen bidaia egiten ari dira. Zeuk ere lagundu ahal diezu, euren bidelaguna izan zaitezke. Eman izena mintzapraktika egitasmoetan, izan bidelagun!

2014/10/24

Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi jardunaldia.


Azaroaren 28an burutuko da Bilboko La Bolsa udaltegian Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi izeneko jardunaldia, AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuak antolatuta.
Jardunaldia irekia da, baina izena eman beharko da parte hartzeko. Horretarako epea, azaroaren 21ean amaituko da.
Egitaraua, hizlariak, informazioa eta izen emateko fitxa jardunaldiaren blogean  dauzkazu.

2014/09/23

Lotsa galtzeko, mintzapraktika egitasmoak martxan


Euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu ostean, AEK-k mintzapraktika programetarako kanpaina berria jarri du abian #lotsarikgabe lemapean. Horrenbestez, 2014-15 ikasturtean mintzapraktika programaren batean (Berbalagun, Mintzalagun, Mintzakide...) parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada Euskal Herrian osatuko diren 90etik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara eta euskara zerbitzuetara jo dezakete, edota klikatu hemen

Iaz bezala, #lotsarikgabe kanpainako protagonistak benetako berbalagun, mintzakide eta gurasolagunak dira. Ezagutzatik erabilerara igarotzeko erabakia hartu zuten lagun horiek dagoeneko galdu dute euskaraz mintzatzeko lotsa. Beraz, eta primeran ezagutzen dituztenez mintzapraktika egitasmoak, “modelo” ezin hobeak dira jendea mintzapraktika egitasmoetan izena ematera animatzeko.

Aurreko ikasturtean mintzapraktika programetan parte hartu zuten 5.600 lagunen artean oso harrera ona izan zuten mintzodromoek. Beraz, egitasmoen antolatzaileen helburua da ikasturte honetan iazko apustuari eutsi eta mintzodromoak sustatzen jarraitzea. Bestalde, gurasolagun programari beste bultzada bat emateko asmoa ere azaldu dute.

Mintzapraktika egitasmo berriak herriz herri aurkeztuko dira urrian zehar. Ikasturte honetan, gainera, herri gehiagotan sortuko dira taldeak. Euskararen erabilerak indarra hartzen jarraituko du horrela, parte hartzaileen artean urtero egiten den inkestaren arabera, iaz mintzalagunen herenak nabarmendu baitzuen lehen baino gehiago egiten zuela euskaraz.