2009/04/06

familia barnetegia

Urtero bezala AEK-k prest ditu aurtengo udan irekita egongo diren barnetegiak, horien artean aurten ere familiek parada ederra izango dute oporrak elkarrekin eta euskaraz pasatzeko. Oso ohikoa da euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren gurasoek umeak D ereduko eskoletara bidaltzea, txikitatik ikas dezaten euskara. Baina kasu batzuetan, ohituren poderioz, nahikoa zaila izaten da etxeko eguneroko harremanak euskaraz izatea.

Hori da, hain zuzen ere, familientzako barnetegien helburua: gurasoek eta seme-alabek beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea. Xede hori lortzeko aita-amek irakasleekin eta seme-alabek begiraleekin igarotzen dituzte eguneko zenbait ordu, baina behin horiek amaituta, barnetegi giroan eta euskaraz jarraitzen dute egun osoan zehar. Era honetako barnetegiak antolatuko ditu AEK-k aurtengo udan, Adunan (Gipuzkoa) Foruan (Bizkaia) eta Zugarramurdin (Nafarroa), uztailaren 6tik 19ra eta abuztuaren 3tik 16ra.

Ikastaro hauei guztiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, galdetu zure euskaltegian edo deitu 902 362 294 telefonora. Ongi etorri barnetegira, ongi etorri euskarara!

No comments: