2012/04/04

bideokopla lehiaketako saridunak!


bideokoplak aurkezteko epea bukatu zen, baten batek beranduago bidali bazuen ere; blogean eskegi genituen lan guztiak, lehiatik kanpo zeudenak ere: aste betez facebooken zuen gustuko bideoa aukeratu eta iritzia eman duzue, eta ez zarete gutxi izan... eta azkenik iritsi da saridunen izenak jakiteko ordua!

BIDEOKOPLA IRABAZLEA
Bertsozale Elkarteak osatu du lehiaketako epaimahaia, eta beraiek erabaki dute zein izan den bideokoplarik onena. Horretarako irizpide hauek jarraitu dituzte: ideiaren originaltasuna, gidoia, koplak eta kantatzeko jarrera. Eta guzti hori kontuan hartuta...
2012ko bideokopla lehiaketako txapelduna: Müngia irakaslea Iruñeko Hizkuntza Eskolako ikasleek egindako bideokopla!

PUBLIKOAREN SARIA
Facebooken ordea, publikoak izan du bere gustuko bideoa bozkatzeko aukera, askok utzi duzue zuen iruzkina Praktikatu AEKren orrialdean, hain zuzen ere 122 bozka izan dira guztira, eta gehiengo osoz, 98 boto jaso ditu eta beraz...
2012ko bideokopla lehiaketako publikoaren gogokoena: Edozein lekutan euskaraz! Garesko Errobi euskaltegiko ikasleek egindako bideokopla!
Honetaz gain, boto gehien jaso dituztenen artean egon dira Lizarrako, Artziniegako, Azkoitiko eta Meatzaldeko bideokoplak.

ZOZKETA
Eta azkenik, gure orrialdean iruzkina utzi duzuenon artean zozketa egin dugu eta saridun Susana Otxoa suertatu da! Susanak, Puntatik puntara Artziniega euskaraz! bideokoplari eman zion bere botoa eta horri esker Korrikako material sorta bat izango du opari. 
 
KOPLARI FESTA
Zorionak saria jaso duzuenoi, baita parte hartu duzuen guztioi ere! Kalitate handiko lanak jaso ditugu eta ziur gaude datozen urteetan era jasoko ditugula eta lehiaketa honek bere bidea egingo duela luzaroan.
Baina aurtengoa ez da oraindik amaitu. Badakizue txapeldunek bertso bazkari edo afari bat izango dutela sari moduan, baina bertara parte hartu duzuen guztiak zaudete gonbidatuta eta bertan, festa handi batekin emango diogu ganorazko amaiera aurtengo bideokopla lehiaketari. Izango duzue horren berri oporretatik bueltan.

Bitartean, ondo bizi!

No comments: