2016ko azaroaren
4an, AEKren Praktikatu zerbitzuak PRAKTIKATU eta BIZI jardunaldiaren
III. edizioa antolatu zuen Bilboko Ondare aretoan. Euskal Herri
osotik etorrita, 100 bat lagunek hartu zuten parte egitarauan,
09:30-13:30 bitartean.
Hirugarren edizio
honetan ere ez zen bazterrean geratu motibazioaren gaia, zeina
ardatza izan baitzen aurreko bietan; oraingoan, ordea, helburua izan
zen eragiteari begirako “errezetak” topatzea, psikologiaren
ikuspegitik. Bide horretan, laguntzaile izan genituen Eduardo
Apodaka, Gemma Sanginés, Mikel Urdangarin eta Amaia Agirre adituak.
Lehen unetik
bertatik, partaide guztiek goraipatu zuten euskaltegiek zein praktika
egitasmoek betetzen duten funtzioa, PRAKTIKA SOZIALA da-eta: hainbat
pertsona euskara ikasten dabiltza, egunero erabili ahal izateko; eta
beste batzuk praktika-jardueretan ari dira, beren bizitzan euskara
integratzeko.
Jardunaldia
amaituta, honako ondorio hauek nabarmendu ziren:
- Ekintzetan jarri behar dugu jomuga, diskurtso hutsetatik aldenduta.
- Ekintza horiek ezin dira edonola proposatu: aktibitate zentzudun eta erakargarriak izan behar dute.
- Halaber, honelakoak izan behar dira: zehatzak, errealistak eta neurgarriak, jendearen beharretara egokituak eta, batik bat, limurtzaileak.
- Helduak baikara, konplexurik gabe egin behar dugu aurrera: ekintzak gozamenez bizi, eroso eta malgu; erraza izan behar da argudioetatik ekintzetara igarotzea.
- Jendearen motibazioa zein den ezagututa, gure lana da jakitea ea behar bezala erantzuten diogunetz inguruko errealitateari.
Antzeman daitekeen
bezala, parte-hartzaileek argibide-sorta interesgarria jaso zuten
beren eguneroko lana indartzeko. Besteak beste, argi geratu zen
funtsezkoa dela harreman sareak josten jarraitzea, bai eta egoerak,
beharrizanak eta aukerak sortzea ere.
Jardunaldiak iraun
bitartean, Miryam Artola sortzailea horma irudi bat gauzatzen aritu
zen. Ekitaldiaren amaieran, osorik ikusi genuen lana: esandako
guztien laburpen grafikoa.
ARGAZKI GALERIA
ARGAZKI GALERIA
No comments:
Post a Comment