2014/07/03

Aurten ere, mintzapraktika egitasmoek oso balorazio ona jaso dute.

AEKren Praktika Zerbitzuak aurtengo partaideen asebetetze inkestaren emaitzak jaso berri ditu. Emaitzen arabera, Euskal Herriko berbalagun, mintzalagun zein mintzakide egitasmoen bataz besteko balorazioa 9,2 izan da.

Bestalde, dinamizatzaileek egindako lanaren ebaluazioa oso altua izan da, eta orohar, haien esfortzua eskertzeko hitzak baino ez ditugu jaso. Beraz, pozik egoteko modukoa ikasturtea izan da.

Urtero egiten den inkesta honetan, parte hartzaileen herenak nabarmendu dute lehen baino gehiago egiten dutela euskaraz (Datu horren barruan euskaldun osoen erantzunak ere jasota daude)

Antolatutako ekintzak baloratzeko ere balio izan digu. Aurten, esaterako, antolatutako mintzodromoek oso harrera ona izan dute. Beraz, gisa horretako ekimenak egiten jarraituko dugu. Inkestan ere, proposamen berriak egiteko aukera egon da. Irailean ideia horiek guztiak datorren ikasturteko plangintzetan lekua izango dute.

Eskerrik asko, asebetetze inkesta bete duzuon berbalagun, mintzalagun eta mintzakide guztioi!

2014/06/23

Ezkerraldeko berba abordajea

Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko berbalagunek Berba abordajea egingo dute ekainaren 27an. 
Santurtziko berbalagunek, 20:00etan itsasontzia hartuko dute eta segidan Portugalete eta Barakaldokoen bila joango dira. Geroxeago, denak pirata jantzita, Sestaoko jaietan berba abordajea egingo dute. Bertsolariak, trikitilariak, mozorro lehiaketa.... Itsasontzian joateko, eman izena ezkerraldea@aek.org helbidean. 

2014/06/12

Berbalagunen topaketa Urduñan

Ekainaren 22an, Urduñako San Juan merkatuan, Berbalagunen Topaketa antolatu dute VSF-Herrien Bidezko Elikadura elkarteak eta AEKren Praktika Zerbitzuak, Urduñako hainbat eragile sozial eta udaletxearen laguntzarekin. 

Urduñara hurbilduko diren guztiek, elikadura burujabetza helburu duten bertoko esperientziak ezagutu eta jai giroan euskaraz bizitzeko aukera izango dute; gosari agroekologikoa, Urduñatik eta merkatutik bisita gidatua, gertuko ekoizleen eskutik bertoko txakolin eta gazta dastaketa, taloak egiteko tailerra...eta ostean, bazkaria.
 
Izena emateko jo zure herriko dinamizatzailerengana, bidali mezua helbide honetara edo deitu telefonoz VSF 695 478 735 / 94 496 11 75.